GARA > Idatzia > Kultura

Barruko ezintasun eta korapiloei erantzuteko, poema liburu berria idatzi du Martin Etxeberriak

«Zakurraren poema eta beste hezurrak» ez da aitzineko lanak bezain inuzentea, Martin Etxeberriak berak ez duelako garai ona bizi izan. Dotorezia eta sujerentzia handiz, gizakiaren iraungitzeaz ari da etengabe.

p043_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Orain dela sei urte kaleratu zuen Martin Etxeberriak bere aitzineko poema liburua, «Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin», maitasunari buruzkoa. Ordutik gauzak aldatu egin dira, idazle zarauztarraren buruan «nabarmen», baita obraren tonuan eta estiloan ere. Atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, aurreko argitalpenetan inuzenteagoa zen edo bertze aldarte batean zegoen, positiboago, naifago, eta tonu narratiboagoan idatzi zuen. Denboraldi bat izan du, ordea, hain ondo egon ez dena, barruan hainbat korapilo eta ezinegon izan ditu jirabiraka eta horien erantzuna edo ondorioa da «Zakurraren poema eta beste hezurrak».

Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak poemak irakurri eta anitz gustatu zitzaizkiola adierazi zion, baina ez zekien erraten zein zen liburuaren gaia. Orduan, Etxeberriari galdetu zion eta honek zalantzarik gabe erantzun zion: «Heriotzari buruzkoa da; ez iraungitze fisiko edo bukaera erabateko hori soilik, baita sentimendu bat ere, barruko gauza batzuk bukatzeko edo hiltzeko beharra, bizitzen jarraitzeko».

Horri bueltaka osatu ditu poema gehienak, lehenbizikoa adibidez, honela hasten dena: «Saguzarrek/ zulatu eta saretu arren/ arratsa,/ itzalek/ berdin-berdin jarraitu zuten/ erortzen,/ gaizki ebakitako euli-bizarra/ balira bezala». Idazlearen iritziz, poema honek biltzen du adierazi nahi izan duena, barreneko ezinegon handia eta gogo bat ere bai, nekatuta egoteaz nekatuta sentitzea eta tristurari buelta emateko beharra.

Etxeberriak agertu zuenez, estiloa mardulagoa da, gaia bera da mardula, baina hala ere, gustuko ahots bat topatu du. «Poemak oso pertsonalak dira eta norbera identifikatzeko puntuak aurkituko ditu irakurleak».

Hitzari itxaroten dion poeta

Mendizabalek gaineratu zuenez, hitzaren zain agertzen zaigu poeta, jarrera ezberdinetan: «Lehenengo zatian, tristura nabarmenagoa da; bigarrenean gorroto handiagoz hitz egiten du; eta azkenean, hitzaren zain dago, jarrera kontenplatiboan». Kokalekuei dagokienez, itsasoarekin lotutako paisaiak agertzen dira sarri, eta ura, bai itsasokoa eta bai kaleetako putzuetakoa. Eguneroko heriotza txikiek, bikote harremanetakoek bereziki, liburu osoa zipriztintzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo