GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Lete gogoan izango dute Baionan, baita Urepelen ere, Xalbador Egunean

p043_f01_97x92.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Euskal Herriko beste hainbat lekutan egin bezala, Baionan ere Xabier Leteren omenezko kantaldia egingo dute. Gure Irratiak bere 30. urteurrenaren karietara antolatu dituen ospakizunetan ekitaldi nagusia izango da, datorren irailaren 24an, Baionako antzokian, egitekoa den «Xabier Lete gogoan» kantaldia.

Antolatzaileek, parte hartuko duten kantariak kontuan harturik, Baionako ekitaldia berezia izango dela azpimarratu zuten atzo: Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko abeslaria, Pier Paul Berzaitz, Anje Duhalde, Petti, Amets Arzallus bertsolaria eta Arantxa Irazusta entzuteko parada izango da Lapurdiko hiriburuan. Azaldu zutenez, Berzaitzek, esaterako, «Habanera» eta «Xalbadorren heriotzean» abestiak eskainiko ditu; Duhaldek, berriz, Leteren hasierako kantuak, «Kontrapas» eta Jacques Brelen kantu baten euskarazko bertsioa.

Omenaldi bikoitza Urepelen

Bestalde, aurtengo azaroan beteko dira 35 urte Xalbador hil zela, eta 2005. urteaz geroztik urtero ospatzen den Xalbador Egunean ere, Lete poeta oiartzuarra izango dute gogoan. Asteburu «hunkigarria» antolatu dutela azaldu zuen atzo Deiadarra elkarteak, urriaren 8 eta 9an egitekoa. Larunbatean poesia errezitaldia eta Benito Lertxundiren kontzertua izango dira. Igandean, berriz, Xabier Lete eta Ez Dok Amairuri buruzko bideo emanaldia egingo dute, besteak beste, Joxe Mari Iriondoren hitzaldiaz lagunduta.

Herri kirolak, dantza, Erramun Martikorenak eta Xendarineko ahizpek lagundutako bazkaria, bertsolariak eta erromeria ere izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo