Pilota
Ezusterik ez da izan Sarako finalerdietan, eta bi faboritoak dira finalean
Jon LEUNDA
Larretxea eta Ezkurra II.a Waltariren eta Kurutxariren aurka neurtuko dira bihar arratsaldean Sarako Pleka Torneoko finalean. Horiek ziren atzoko finalerdiak irabazteko faboritoak, eta iragarpenak ongi bete zituzten bi bikoek.
Lehen finalerdia nahiko orekatua izan zen, nahiz eta amaieran Larretxeak eta Ezkurra II.ak 40 eta 31 hartu zituzten mendean Ibarrola eta Kurutxari. Dirua nabarmen atera zen irabazleen alde, baina berdinketa ugari izan ziren markagailuan, eta batek baino gehiagok urduritasun ederrak pasatu zituen. 30-30 izan zen azkeneko berdinketa, eta hor apurtu zen partida.
Ezkurrak hartu zuen neurketaren agintea, pilota atzean jarriz, eta Kurutxarik ezin izan zion aurre egin. Aurrean, Larretxeak aukerak baliatu egin zituen, eta 10-1eko partziala sartuz, finalerako bidea egin zuten.
Bigarren finalerdian ez zen kolorerik egon. Waltarik eta Lanbertek 40 eta 20 irabazi zieten Alfarori eta Etxetori. Neurketak emozioa lehen hamar kintzetan bakarrik izan zuen. Galtzaileak 3-6 aurreratu ziren, eta bazirudien lanak eman behar zituztela, baina irabazleek partida hamarretan berdindu zuten, eta akabo bigarren finalerdia.
Berdinketaren ostean, Waltarik txikitu egin zituen aurkariak. Saketik sekulako mina egin zuen, eta erreakziorik gabe utzi zituen. Atzean, Lanbertek zuen lan apurra ongi egiten zuen, eta 30-5eko partziala sartuz, neurketa 35-15 jarri zuten. Hor garbi zegoen garaipena zeinek lortuko zuen, Alfarok eta Etxetok zenbat kintze egingo zituzten jakitea bakarrik falta zen, eta beste bost egin ahal izan zituzten. Aurkariak ere lasaitu egin ziren, eta emaitza nahiko txukunarekin amaitu zuten norgehiagoka galtzaileek.
Bihar jokatuko da finala 18.30etik aurrera eta oso polita geratu da. Berriro, aspaldiko partez, Ezkurra eta Waltari dira finalean. Urruñakoak gaizki pasatu du, baina ari da bere onera itzultzen.