Oihana Llorente Kazetaria
Zuk barrutik, nik kanpotik
Pelikulekin negar egiten dudan horietakoa naiz. Hala da, eta ez dut lotsarik aitortzeko. Krispeta poltsa baino, mukizapien paketea esku artean edukitzea gustatzen zait, malkoek ihes egiten badidate, denbora ez galtzeko. Bideo-klubean pelikula aukeran ematen baldin badidate drama hautatzen dudan horietako naiz.
Halaxe da, deliberatuta egiten dut negar. Zenbat eta negar gehiago egin, orduan eta pelikula ederragoa iruditzen zait maiz.
Nire ranking-ean, Roberto Benigniren «La vita è bella» filma da zalantza izpirik gabe lehen postua eskuratu duena. Gogoan dut oraindik kontzentrazio esparru osoan entzundako «Egun on, printzesa!» eder hura, edota ama galduta, tankea irabazi zuela sinetsita umeak agertu zuen harridura aurpegia. Interneten nabigatzen «La vita è bella» pelikularen bertsio bitxi batekin egin dut topo egunotan. Nazi alemanen ordez, kartzelari espainolak agertzen diren bertan eta euskal preso politikoak dira fikziozko holokaustoaren biktimak.
Zenbat pelikula eder egin dira Bigarren Mundu Gerrako holokaustoa argudio hartuta? Zenbat negar eragin dute pijama marraduna zeramaten haurrek? Eta pianistak? Zinema aretoetan, film hauen aurrean mukizapia ezin eutsita egon ohi da bat baino gehiago. Haatik, euskaldunok bizi dugun salbuespen egoera partikularra azaltzen ahalegintzen garenean, ez dugu malko bakar bat ere isurtzen ikusten. Ez al dakigu euskaldunok gure presoen egoera sentikorki azaltzen?
Dozenaka pelikula egin daitezke euskal presoen egoera aitzakia hartuta. Herri txiki honetako ehunka lagunek, maitasunak hala aginduta, astebururo lurretik ilargirainoko distantzia birritan egiten dutela azalduko genioke munduari; Hollywoodeko pelikula erromantikoena ere txiki geldituko zen, gure senide presoak zenbat maite ditugun azalduko bagenu.. Hala ere, gaur-gaurkoz, amaiera tristea edukiko lukete film horiek guztiek. Euskal presoen egoera, gatazka konpontzeko korapiloaren erdigunean dago, eta beraz, benetako normalizazio politikoa lortu nahi badugu, has gaitezen sokatik tiraka. Zuk barrutik, nik kanpotik tira...