GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joseba Butron | Getxo

El Vivero eta Deskarga

Espainiako Itzulia edo Vuelta guretik pasatu berri da, aspaldiko partez, eta nazionalista espainolen eta akolitoen desenfrenorako. Tourra ere irten zen Donostiatik orain urte batzuk, eta normal-normala da Frantziatik irtenalditxoak egitea (Belgika, Italia, Herbehereak, Euskal Herria...), kirolzale gehiagoren gozamenerako.

Kontua da aurtengo Vueltako igoera ikusgarri bat El Vivero mendira edo «El Alto de El Viverora» egin zela, Bizkaian. Harrigarria izena: El Vivero. Norbaitek halako batean -Francoren denboretan- «El Vivero» bide seinalea jarri zuen Galdakaotik gora, eta horrela geratu da birbataiaturik -berdin izan zitekeen «La Cervecera» edo «El Refugio» edo batek daki zer-. Ba, etapa horren emanaldian ez zen besterik entzuten irrati-telebistetan: El Vivero. Gauza bera irakurtzen zen biharamuneko egunkarietan. Tristea.

Komeni da gogoratzea, ordea, mendi horrek izena baduela, antzinatik. Hain zuzen ere, Ganguren deitzen da, eta punturik gorena, alegia el Alto de, Ganguren Gane da (bizkaieraz, `gane'= «gain»).

Horrelako barrabaskeria batzuk artezten lan apur bat egin beharra dago. Hasteko, gure aldundiek eta udalek, bide seinaleetan eta mapetan; ondoren, gure hedabideek (irrati-telebistak, egunkari-aldizkariak).

Gipuzkoan ere, besteak beste, bada barrabaskeria bat deigarria: Deskargako Portua. K letrarekin euskaldunagoa emango du, baina izatez txurro ederra da, De Azkarraga izena baitago azpian. Alegia, Azkarragako Gaina.

Barrabaskeria horiek arduradunen gogo apur batekin konpontzeko modukoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo