Lander GARRO Idazlea
Herri gisa
Egin ezazue aurrera herri gisa. Barack Obamak bere herrikideei esandako hitzak dira. Urtemugak beti dira kartoi-harrizko esaldien sorleku egoki, irudiz. «Ez dezagun ahaztu, baina bizi gaitezen aurrera begira»; «minak ez gaitzala itsutu»; «jakin dezatela lehen baino indartsuagoak garela»... Guztiak dira desesperatuki kolektibotasunaren makulua behar dutenentzat pentsatutako esaldiak, masarentzako merkromina. Ez dakigu, «geure herriaz» diharduenean, AEBetako 46 milioi txiroez ari ote den. Badoa presidentea bere limusinan, polizia, militar, aholkulari eta zera guztiekin, jendearen txalo artean. Auto barrendik agur egiten du eskuaz, baina inork ez du ikusten, belztutako beirak baititu autoak. Jainkoa balitz bezala, hark mundua ikusten du, baina munduak hark noiz ikusiko, berak bakarrik hauta dezake, noiz eta nola den agertuko, meeting batean, irratiz edo baserritar baten soroan, argi zuri jainkotiar batek inguratuta, musika koral batekin. Ikasi beharreko paper zatia jakaren patrikatik atera du presidenteak, emazteari begiratu dio: «Ongi egin al dut?», galdetu dio; «tira, Allysonekin hizketan ari nintzen, laztana, ez dut behar bezala entzun». Presidenteak hasperen egin du; «ez didazu inoiz jaramonik egiten», kexatu da. Zapatak erantzi ditu horren ondoren, eta zerura begira esan du: «Eskerrak urtemugak hamar urtero diren!» Une batez autoa kale erdian geratu da, eta presidenteak aurrez aurre agure bat ikusi du. Agureak autoa begiratu du, eta leihoaren ispilu perfektua baliatu du hortzetako kraka kentzeko. Polizietako batek gizona bultzatu du, AEBetako 46 milioien arteko bat, izenik ez duen estatistika bilakatutako gizagaixo horietako bat. Presidenteak tripak nahasita sumatu ditu: norbait ikustea iruditu zaio, bere aurrean hortzetako kaka garbitzen, baina ez du uste: egunaren luzea da, ospakizunen nekea!