GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erasoen aurrean gizartearen inplikazioa eskatu du Emakumeen Mundu Martxak

Emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, urtea «latza» izan dela gogorarazi zuen atzo Emakumeen Mundu Martxak. Instituzio publikoen jarrera salatu zuten eta gizarte osoaren inplikazioa eskatu.

p015_f02.jpg

GARA | BILBO

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak udan izandako emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko balantzea egin zuen Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren Bilboko egoitzan. Aurtengo urtea «latza» izan dela adierazi zuten, eta uda are eta gogorragoa izan dela. «Emakumeon aurkako indarkeriak ez du etenik izan, eta egunak pasa ahala herri eta hirietako jaietako datuek ez dute kontrakoa esaten».

Amaitzear dagoen uda honetan, Iruñean, Baionan, Donostian eta Bilbon hainbat bortxaketa salaketa eta eraso izan direla, eta beste zenbait herritan jai eremuan «eraso sexista zein eraso lesbofobo eta homofobo anitz» izan direla oroitarazi zuten.

Arazoari «errotik» egin behar zaiola aurre iritzi zioten, eta horretarako «gizarte osoaren inplikazioa» beharrezkoa dela azaldu zuten. Era berean, instituzio publikoak kudeatzen dituzten politikariek «ardura eta erantzukizun» itzela dutela gaineratu zuten. Uda honetan bertan jazotako bi ezbehar larri jarri zituzten adibide gisa, Rosario Roman eta Deisy Mendoza, biak ere bikotekide ohien esku hildakoak. Emakumeen Mundu Martxak, salaketa jarrita egon arren, «babes falta nabariagatik erail» zituztela bikotekide ohiek salatu zuen, «erakundeek eurek jarritako hainbat neurri aplikatu ez zituztelako».

«Jakinda aurreko urteetan indarkeria sexista kasuak gertatu direla ez dute inongo prebentzio lanik egin». Alde horretatik, «beste behin ere, prebentzio lana, urgentziazko neurriak eta erantzuna herritarren esku» gelditu direla salatu zuten.

Emakumeen eskubideak urratuak izan ez daitezen, kasu guztien gaineko jarraipen zehatza egin dadin exijitu zuten, eta horiek ekiditeko neurri «errealak eta eraginkorrak» jartzea. «Borondate politikoa» ere exijitu zuten, martxan jarritako neurri eta protokoloen berrikuspen sakona, hori aurrera eramateko aurrekontuak onartzea eta euren arteko koordinazioa lantzea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuten. Hain zuzen, «lan hau, herritarron esku hartzea izanik baina instituzio publikoei» dagokiela esan zuten.

Amaitzeko, ez dutela erailketa eta eraso sexista gehiago onartuko ozen azaldu zuten. «Instituzioetatik jarrera aldatzen ez den bitartean emakumeek arrisku egoeran jarraitzen» dutelako.

Elkarretaratzea Iruñean

Joan den abuztuaren 4an lantokira zihoala emakume batek jasandako eraso sexista gaitzesteko kontzentrazioa egin zuten atzo Iruñean Nafarroako Unibertsitate Publikoaren atarian. Izan ere, erasoa pairatu zuen emakumeak unibertsitateak azpikontratatutako Maju izeneko garbiketa enpresan lan egiten zuen.

Gertaera gaitzesteko, unibertsitateko komunitateak eta Majuko enpresa batzordeak agerraldi bateratua eskaini zuten; 200 lagun batu ziren, biktimari babesa eskaini eta biolentzia matxistari aski dela esateko.

PROTOKOLOA

Emakume bat «erailtzen» dutenean, horri erantzuteko protokoloa ahalik eta herri gehienetan martxan jartzea eskatu zuten plataformako kideek.

ERROTIK

Pertsonen arteko harreman sozial berriak eraiki eta zapalkuntzarik onartuko ez duen gizarte justuago bat eraikitzeko, arazoari errotik heldu behar zaiola esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo