GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Heldutasunik ezak ezin du besteren meriturik jasan

Bilduk eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxetako presidenteek lortutako akordioak erreakzio bitxiak eragin ditu alderdi politikoen ordezkarien artean. EAJ, PSE eta PPko buruzagiak atzo akordioari garrantzia kentzen saiatzea indar horien heldutasun faltaren erakusgarri baino ez da. Lehenik, ez da egia Bildurekin hitzartutakoaren ondorioz kutxek bat egiteko baldintzak ez direla ezertan ere aldatu edo akordioak ez dakarkiola funtsezko ezer hiru kutxen zuzendaritzek sinaturiko itunari. Beharbada, ez da Bilduk nahiko lukeen bat-egitea -eta horrek koalizioak akordiorako borondatea duela erakusten du-, baina ukaezina da gizarte ekintzari eta kontrol publikoari eustea eta langileek lan hitzarmen propioa izateko aukera Bilduren ekarpenak direla -alderdi horien gustukoak ez badira ere-, hasierako itunak biltzen ez zituenak. Eta, bigarrenik, zer dela-eta jendaurrean ekarpen horiei garrantzia kentzeko grina? Herritar askok begi onez ikusiko du Bilduren ekarpena, baina EAJ, PSE eta PPk ezin dute eraman hura inolako merituren jabe izatea. Hartara, badirudi haur mainontzien moduan muturtu direla akordioak eta haren protagonistek hedabideetan izan duten oihartzuna ikusita.

Beste eragileren bat akordioa lortzeko negoziazioen kontra agertu zen atzo, eta akordioa aztertutakoan seriotasunez hitz egingo duela esan zuen. Izan ere, serioagoa litzateke hortik hasita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo