GARA > Idatzia > Kultura

Goiatz Labandibar oiartzuarrak lortu du Igartza Saria «Interrail» ipuin-bildumaren egitasmoarekin

Europako hamar hiritako istorioak kontatuko ditu Goiatz Labandibar Igartza Sariaren irabazleak bere lehenbiziko liburuan. Hendaia abiapuntu eta helmuga duen tren bidaia bat izanen da ipuin hauen lokarria.

p042_f01_148x92.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Poz handiz» hartu zuen Goiatz Labandibar 1985ean Oiartzunen jaiotako gazteak atzo Igartza Saria. Agertu zuenez, oporretan harrapatu zuen Xabier Mendigurenen deiak, lehiaketa ia ahantzia zuela, eta sekulako ilusioa egin zion. Anitz eskertzen du bere lehenbiziko liburua idazteko aukera hau eman izana eta aprobetxatzeko eta lan txukuna egiteko gogoz dago.

Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen duten lehiaketa honek hamalau urte bete ditu aurten, eta ohi bezala Beasaingo Igartza Jauregian eman zioten atzo saria irabazleari. Hamahiru proiektu jaso dituzte edizio honetan, urtero jasotzen duten kopuru bera gutxi gorabehera, eta horien artetik «Interrail» behin-behineko izena duen egitasmoa aukeratu dute Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele Jaio epaimahaikideek. Egilea 6.000 euroko laguntzarekin eta lana argitaratzeko konpromisoarekin saritu dute.

Tren geltokien esanahi berezia

Duela hiru urte Inter-rail bidaia egin zuen Goiatz Labandibarrek lagun batekin, eta liburua osatuko duten ipuinak bidaia hartan egin zituzten geldialdietan ezagututako hirietan gertatzen dira. «Ez da biografia bat, fikzioa da. Eta ipuin bakoitza desberdina da, ez dago euren arteko lotura nabarmenik, bakoitzak bere protagonistak ditu. Lotzen dituena tren geltokien esanahi berezia da», argitu zuen.

Trenez egindako bidaia horretan hagitz ongi pasatu zuen, anitz markatu zuen bizitako esperientziak, eta bazuen buruan zerbait egitea bisitatutako tokiekin. Baina ez zekien ongi nola lotu eta duela hilabete batzuk lotura hori nola egin asmatu zuen. «Igartzako oinarriak esku artean hartu nituenean aukera bat izan zitekeela pentsatu nuen, eta proiektua aurkeztu nuen ea zer pasatzen zen».

Hendaia, Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genova eta Niza hirietan kokatuko ditu Labandibarrek istorioak. Eta leku bakoitzaren esentzia -edo berak jaso zuena, behinik behin- islatzen saiatuko da. «Istorio bat sortzean argi eduki dut zer hiritan gertatu behar zuen. Istorio batzuk, gauzak aldatuta, beste toki batean gertatu zitezkeen, baina, nire ustez, kontatuko dudan istorio bakoitza hiri horri dagokiona izango da, hiri horretan jaso nituen pertzepzioen inguruan eraikia», azaldu zuen. Iritsi zen momentu bakoitzaren araberakoak ere badira pertzepzio hauek. «Ljubljanakoak, adibidez, ez dira oso positiboak, euria goian behean ari zuelako. Beste bat joango da eta zoragarria izango da». Bertako jendeak transmititu ziona ere, bere esperientzia pertsonala, agertuko du, nahiz eta fikzioa izan.

Literatura idazteari berrekin dion kazetaria

Goiatz Labandibar kazetaria da, «Oarsoaldeko Hitza»n ibilia, gaur egun Oiartzungo Udaleko komunikazio arloan ari da. Oroitarazi zuenez, txikitatik idatzi izan du, eta zenbait sari irabazi ere bai, batez ere gaztetxotan: Urruzuno, Tene Mujika, Villabonako maitasun gutunen txapelketa... Gero, unibertsitatean ikasten ari zela, geldialdi bat egin zuen eta orain dela gutxi ekin dio berriro idazteari. Horregatik, handia iruditzen zaio bere izena Igartza Saria jasotako bertze lagunen ondoan ikustea: Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Karmele Jaio edo aurki «Gerizpeko panpinak» argitaratuko duen Garazi Kamio. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo