Irrien Lagunak Klubak jolastoki bihurtuko du Usurbil hilaren 25ean
M. LARRINAGA | USURBIL
Irrien Lagunak klubak urtebete ere ez du bete, baina dagoeneko festa egun handi bat ari dira antolatzen hilaren 25erako. Usurbilen izango da, eta urtean zehar egindako kultur ekoizpena, produktuak, pertsonaiak eta laguntzaile berriak aurkezteko aukera izango dute klubeko kideek.
Kukubiltxorekin elkarlanean egindako «Leihotik Mundura» txotxongilo ikuskizuna estreinatuko dute Usurbilen, baita «Irrien lagunekin kanta eta dantza» ikuskizun berria ere.
Atzo egindako aurkezpen ekitaldian Porrotxek azaldu zuenez, «euskaraz pentsatutako, landutako eta sortutako proiektua» da Irrien Lagunak Kluba eta iraunkorra izatea da beren asmoa.
Goizean goiz
Hiru eremutan antolatuko dute jaialdia (Herriko eremua, Mikel Laboa plaza eta Artzabal eremua), guztiak Usurbilgo frontoi inguruan, eta goizeko hamarretan emango diote hasiera. Lehenik eta behin, haur jolasak eta kirol egokituko jolasak izango dira, eta Kukubiltxoren ikuskizuna hasiko da segidan, 10.30ean, herriko eremuan.
Hamaiketatik aurrera, Euskolabelen oilasko eta sagardo postua zabalik egongo da: 1.200 oilasko pintxo eskainiko dituzte, bakoitza 1.50 euroan, eta sagardo edalontziak, 1 euroan. Hortik jasotako dirua eta herri bazkariko txartelen bidez lortutakoa Etiopia Utopia elkarteari emango diote. Izan ere, elkarte hori hainbat proiektu gauzatzen ari da Etiopian, hala nola «Irribarreak proiektua». Horren bidez, ahoko osasunean heziko dituzte bertako hainbat erizain, erietxeetan gutxienez ahoko osasunean aditu bat izateko.
Arratsaldeko zazpietara arte iraungo du festak eta egun osoan izango dira jolas, ikuskizun eta tailerrak. Gainera, Ekogras enpresa ere hortik ibiliko da, olio potoak birziklatzeko aukera eskainiz.