Abian da Gipuzkoako aurtengo sagardo onena aukeratzeko Kizkia taldearen lehiaketa
A. MANTEROLA | ASTIGARRAGA
Aurten ere, hamabigarrengoz, Gipuzkoako sagardogileen ekoizpenak neurtzeko lehiaketa antolatu du Astigarragako Kizkia taldeak.
1998an hamar sagardozale porrokatuz osatutako lagun taldea inguruko sagardotegien itzulia egiten hasi zen. Txotx garaian, asteazken eguerdiak zeregin atsegin horretan ematen zituzten.
Duela hamaika urte, mama horiari buruz pilatutako ezagutza baliatuz jauzi kualitatiboa ematea deliberatu ostean, Kizkia taldea eratu zuten. Hor sortu zen txotx garaian bisitatutako sagardotegi guztien arteko sagardo lehiaketa egiteko ideia. Geroztik, txapelketaren «seriotasun eta egiazkotasun kutsua» emendatze aldera, antolakuntzan urrats nabarmenak egin ditu taldeak.
Prozedura zorrotza
Horrela, aurten norgehiagokan parte hartuko duten hogei sagardoen artean hiru kanporaketa egingo dituzte. Lehena irailaren 7an egin zuten eta atzo egin zuten bigarrena.
Lehen egunean hogei sagardo ezberdin dastatzen dituzte, hamar arrainarekin eta beste hamar haragiarekin. Bigarren eguneko saioan berriz ere sagardo horiek guztiak dastatzen dituzte, baina aurreko saioan arrainarekin probatutakoak haragiarekin zerbitzatzen dituzte, eta alderantziz.
Neurketa horretatik hamar sailkatzen dira hirugarren kanporaketara (irailaren 21ean), eta, azkenik,finalera (irailaren 28an) sei sagardo iritsiko dira. Sagardo guztiak tenperatura berean zerbitzatzen dira eta kalifikazioak jasotzeko ardura duen kideak soilik daki zein sagardotegiko sagardoa edaten duten epaimahaiko bederatzi lagunek. Finalera pasa diren sagardoak zein sagardotegikoak diren ere ez dakite.
Txapelketako saio guztiak Astigarragako Gure Izarra elkartean egiten dira, eguerdiko ordu bietan. Aurten, Alberro, Itxasburu, Altzueta, Lizeaga, Petritegi, Alorrenea, Gurutzeta, Oiarbide, Bereziartua, Rezola, Kalonge, Zabala, Urdaira, Saizar, Baleio, Ordozelai, Sarasola Eula eta Gaztañaga sagardotegiek parte hartuko dute lehiaketan.
Bestalde, irailaren 18an datorren igandean, Tolare Kofradiak Sagarra eta Sagardoaren XVI. festa antolatu du Hernanin. 10.30etik aurrera hainbat erakustaldi eta sagardo dastaketa izango dira.