Gpuntuaren Donostiako azken geltokiaren bila
Udako etenaldiaren ostean, larunbatean ekingo diote Andoainen Gpuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren faseari. 48 bertsolari arituko dira, abenduaren 18an Donostiako Illunben jokatuko den finaleraino eramango dituzten zortzi bidaia-txartelen bila.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Gipuzkoak badu metro sarea. Uda aurretik estreinatu zuen lehenengo linea eta, larunbat honetatik aurrera, banan-banan zabalduz joango dira gainerako bide guztiak. Azken geltoki berbera dute denek, Donostiako Illunbe zezen plaza, baina bidean ez galtzeko lana gogotik egin beharko dute abenduaren 18ra arte bagoian mantenduko diren zortzi bertsolariek.
Saioak jasoko dituzten herriak lotzen dituen metroaren irudi horrekin islatu nahi izan du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak «bertsolaritzaren sarea bere osotasunean», Oroitz Azurmendi elkarteko koordinatzaileak atzo adierazi zuenez. Lehenengo fasetik sailkatutako 32 bertsolariri hamar gehiago batuko zaizkie final-zortzirenetan, eta horietatik 24k egingo dute aurrera. Duela lau urteko sei finalista final-laurdenetan batuko zaizkie trenera eta 30 horietatik 18 ariko dira finalaurrekoetan. Donostiarako txartela zortzik baino ez dute lortuko. Fase guztietan, saioetako lehenengo sailkatuak aurrera egingo du zuzenean.
Andoain eta Azkoitia
Larunbatean abiatuko da final-zortzirenen linea Andoaingo Bastero Kulturgunean, 17.30ean. Lehen bidaiariak Iñigo Manzisidor Mantxi, Amaia Agirre, Iñigo Izagirre, Ander Lizarralde, Ane Labaka eta Manu Goiogana izango dira. Igandean, berriz, Azkoitiko Baztartxo antzokian izango dira Xabier Sukia, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Gorka Azkarate, Ibai Esoain, Asier Azpiroz eta Igor Maiz.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari Saroi Jauregik azaldu zuenez, berrikuntzak izango dituzte bertsolariek egin beharreko lanetan. Nobedade horiek lanen ordenan izango dira gehienean, baina badira sekula txapelketan egin gabekoak ere; oin bat emanda bertso bat osatzea, esaterako.
Txapelketa honetan, baina, ez dira bertsolariak bakarrik izango kantari, atzo aurkeztu baitzuten metroko bidaia girotuko duen aurtengo sintonia ere. Elkano Browning Cream musika taldearen «Yodi» kantuari letra sortzeko egindako lehiaketa irabazi duten Antzuolako Sasibertsolaixe jarritako hitzak abestu ditu Gari legazpiarrak. Kantua eta bideoklipa Interneten daude dagoeneko. Izan ere, bertsolaritzaren sarea sarean ere hedatu nahi du Bertsozale Elkarteak; www.gpuntua.com atarian nahiz sare-sozialetan berrikuntzak eskegiz joango dira. Internetez zabalduko den telebista saio propio bat ere egingo dute, erreportaje eta elkarrizketekin.
Saioetako sarrerak www.gpuntua.com edo www.bertsosarrerak.eu atarietan eskura daitezke dagoeneko, eta urritik aurrera jarriko dira salgai finalekoak ere. Amorratuenentzat Gpuntua-bonua ere jarri dute salgai. Saio guztietarako %50eko deskontua eskaintzen du, finalerako barne. Bonua dutenek saio guztietarako sarrerak salgai jarri orduko mezu bat jasoko dute sarrera inprimatu ahal izateko, baina betiere agortu aurretik egin beharko dute, hau da, ez dute lehentasunik izango. 72 euro balio ditu bonuak, bazkideentzat 50 eta hamasei urtetik beherakoentzat 30. A.A.