BEREZKOAK
Sakea baino askoz gehiago dela erakutsi zuen Waltaryk final ikusgarri batean
Jon LEUNDA | SARA
Oraindik ere tantoa amaitzerakoan sarri presa handia izaten duen arren, sufritzen ere badakiela erakutsi zuen atzo Waltaryk Sarako final ikusgarrian. Normalean zulo ikaragarria zabaldu ohi du kubatarrak partida guztietan, baina atzo Larretxeak baino hiru tanto gutxiago lortu zituen botez, bi falta egin eta tanto bat gutxiago lortu zuelako hasierako jokaldiarekin.
Hasiera orekatu eta berdindu baten ostean, markagailuari buelta ematea ere tokatu zitzaien kubatarrari eta oso seguru aritu zen Lanberti; izan ere, Larretxea eta Ezkurra 16-25 aurreratu ziren markagailuan, aurrelariaren lau bote, bi sare eta Waltaryk galdutako lau pilotari esker.
Kubatarrak, ordea, sufritzen ere badakiela erakutsi zuen, tanto batzuk galdu zituen arren, orotara 20 egin baitzituen.
Emozio handia
Partida berdintzea lortu zuten gorriek eta hortik aurrera partida oso orekatua izan zen. Azken tantoak garaipena faboritoei eman zien, baina oso poztekoa da Larretxeak emandako maila bikaina eta, lesioak direla-eta horrenbeste arazo izan eta gero, Ezkurra berriz horren ondo aritzea.