GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Olatuak daudenean ez da surflaririk itsasoan

Dersu Uzalak ez zuen ez itsasorik, ez surflaririk ezagutu, baina agian honakoa esango zukeen: «surflaria jende txarra da, eta itsasoa, itsasoa jende ona da».

«Olatu handiak daudenean inor ez da uretan!». Surflariok maiz entzun behar izaten dugun egia da. Hondartza hutsik dagoela uretatik irteten ari zaren surflari bakarra bazara ere, esaldi santu hori entzun beharko duzu eta isilik egon, hori dioenak arrazoia baitu. Olatuak daudenean ez da surflaririk itsasoan, eta metro erdiko olatuak daudenean, aldiz, hondartzak taula paseatzera ateratzen duten surflariz betetzen dira.

Olatuak daudenean hondartzetan surflaririk ez ikusteko bi arrazoi nagusiak honakoak dira. Bat: surflari gehienok koldar hutsak gara, beldurtu egiten gara; lurrera botatako karkaxa batean baino olatu gutxiago dagoen egunetan surf egitea maite dugu. Eta bi: surflariok exhibizionista hutsak gara. Garrantzitsuena, itsasora bidean plantak egitea.

Jarraian, garrantzi gutxiagoko beste bi arrazoi. Bat: olatuak handiak direnean barruratzea asko kostatzen da, eta gainera olatuek ez dute ihesbidean joateko aukera larregi ematen. Eta bi: olatuak handiak direnean surf egiteko leku bikainak badira (normalean arroketan) eta hara jotzen dugu.

Pasa den astean izan dugun itsaskiak zerbait erakutsi dit. Batetik, alde negatiboa, misantropo hutsa naizela. Kantek zuzen ezina den makila aipatuko luke; filosofo frantsesek gizakia gizarteak txartzen ote duen ala alderantziz, gizarteak gizakia okertzen duen galdetuko dute. Nik garbi daukat, gizakia, espezie gisa, txarra da.

Eta orain, alde positiboa, egun gauzak dauden bezala, gehiengo zabal ("aplastanteak") duen mundu ikuskera hippy modako honek ez baitu egia arrazionalik onartzen alde positiborik gabe. Gizakia txarra da, baina nahiz eta bere esfortzu guztiak natura menderatu eta birrintzera bideratu, naturaz gozatu eta natura maitatzeko gai da (azken esaldi honekin, denok gustura).

Gizakia eta natura lotzen dituen afera moral hau buruan nuela, Dersu Uzala izan dut gogoan azken egunetan, Txinako hezhen tribuko gizon txiki-handi hura. Behin eta berriz galdegin diot neure buruari hark zer esango ote zukeen.

Ikastolan, bai Etikan zein Erlijioan izen ematen genuenoi ikusarazten ziguten Dersu Uzalaren filma. Batean edo bestean, gauza bera irakasten ziguten: MORALA. Eta esan gabe doa noski, moral kristaua, hori baita amaren uteroan ernaltzen hasi aurretik jaso dugun lehen aztarnetako bat. Irakasle bera eta eduki bera; bereizten gintuen gauza bakarra, ordua eta gelaren zenbakia ziren. Irakasleak, kristau amorratua izanagatik ere, ez zuen bere jainkoak zuen ogiak eta arrainak biderkatzeko dohaina; beraz, ezin bi lekutan aldi berean egon.

Dersu Uzalak ez zien beldurrik basurde eta tigreei, ezta urari edo haizeari ere, sugarrekin hitz egiten zuen ehiztari ausarta zen. Natura izaki bizidun moduan ikusten zuen eta berau jendez osatua zen, jende ona eta jende txarra. Animaliak, landareak edo eguzkiaren negarra (euria) jende ona ziren. Hiriak, izozteak eta izurriteak berriz, jende txarra.

Dersuk ez zuen ez itsasorik, ez surflaririk ezagutu. Zer esango ote zukeen? Nire ustez, hau esango luke. «Surflaria jende txarra da, eta itsasoa? itsasoa jende ona da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo