GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Senaturako hauteskunde demokratikoak!

Gabi Mouescak eskubide zibilak berreskuratuak zituen, eta bat-batean hautagai izateko eskubideak ukatzen dizkiote. Erabaki horretan irakur daiteke abertzaleen presentzia benetako traba dela

Frantses Senaturako hauteskundeek ez dute arrakasta eta oihartzun handirik herritarren artean? Biltzar horretarako hautesleak hautatuak baitira. Izan ere, herriko etxe bakoitzak hautetsien ordezkaritza bat igortzen du Pauera bozkatzera. Herritarrek ez dute zuzenean parte hartzen. Alta, ez litzateke demokraziaren kontrakoa izanen biltzar horretan hautatuak izanen direnak herritarren aurrean aurkeztu behar izatea, hauteskunde hauetatik garaile ateratzen direnak bederatzi urtez okupatzen baitute Senatuko aulkia, eta lortzen duten saria ez da makala (11.900 euro).

Orain arte, Senatuko aulkia Borotra jaunak okupatu du, ez du bertan oroitzapen itzela utzi, lanetan parte hartzearen senatarien ebaluaketa egin dutelarik, gutxien agertzen zenen artean seinalatua baitzen.

Senatua estatuko bigarren biltzarra da, eta orain arte eskuinaren eskuetan baldin bada, aukera batzuk badituzke ezkerrak bere eskuetara pasatzeko, azken urteetako eskubide sozialen urraketa dela-eta alde batetik, eta Sarkozyren politika liberalaren aurka joateko nahikeria agertzen baita zenbait eremutan, hautetsi batzuen aldetik behintzat.

Umok badaki Senatuaren galtzeko arriskutan dagoela; ondorioz, herrietan egin diren hautetsien aukeraketan ez du inongo libertaterik utzi, hautesle kopuru handiena egon dadin prest Umori bozaren emateko. Zenbait tokitan herrietako hauteskundeen emaitzen araberako ordezkaritza igorria izan da, herri gutxitan. Gehienetan, gehiengoa lortu zuen zerrendak ordezkaritzaren gehiengoa igorriko du Pauera.

Bederatzi hautagai Ipar Euskal Herrirako, horietan hiru euskaldun eta bat ikastolako buraso. Horietan Mixel Hiriart, Biriatuko auzapeza eta Lapurdi Hegoaldeko herri elkargoko lehendakaria. Honek darama UMPren ordezkaritza Ipar Euskal Herritik eta segur aski irabazle aterako da. Poztuko ginateke euskaldun bat ikusita han Parisen, euskaldun gisa jokatzera joango balitz. Baina, hemen badakigu jauntto honek demokrazia zenbat gustuko duen, nola debaterik ez den Herriko Etxean, informaziorik ez den banatzen. Badakite euskararentzat zein gutxi ematen duen, ikastolarako zer diru kopuru miserablea onartzen duen ematea.

Herri Elkargoko eramaile nagusi gisa ez da lotsatzen euskaraz aritzeko eta hau pozgarria da, baina egitura honek pizar batzuk utziz euskal kulturarentzat, frantses kultura lehenetsiz.

Abertzaleentzat sorpresa gutxi, beraz, hauteskundeetan, bereziki demokrazia eskasaren erakusleiho azkar bat, erran dugunarengatik eta, bestetik, Gabi Mouescak ezin baitu hauteskunde horietan aurkeztu.

Gabi Mouescak eskubide zibilak berreskuratuak zituen, eta bat-batean hautagai izateko eskubideak ukatzen dizkiote. Erabaki horretan irakur daiteke abertzaleen presentzia benetako traba dela, Gabik lortu duen oihartzuna eraman dituen borroken bitartez UMPri boz batzuen kentzeko arriskua suposa lezakeela. Segur da hautetsi boz kopuru polita lortuko lukeela Gabik. Zenbatekoa izan zitekeen jakin dezagun ez dute nahi. Gabi hautagai ona da. Bihurrikeria bat asmatu dute erditik baztertzeko. Demokratak! Hauteskundeetan ere onak garelako! Beren legeak, beren arauak zimurtzen dituzte agintean egoteko. Hautu politiko horiek iraultzaren bidea baizik ez dute uzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo