Txapeldunen liga
Donato Larretxeak lortu du finalerdietan izateko azken txartela
J.L.
Donato Larretxeak lortu zuen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatzeko falta zen txartela. Atzo, Ugaitz Mugertza mutrikuarra mendean hartu zuen, eta nafarrak aurretik eginda zeuden iragarpen guztiak bete egin zituen.
Atzo Oionen jokatu zen saioan, aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan erdibitu neurtu ziren. Gero, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu behar izan zuten. Horren ondotik, 45 ontzakoa zutik jarrita izan zuten. Laugarren lanean, 60 ontzako enborra erdibitu behar izan zuten. Bosgarrengoan, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita, eta, azkenik, lau 45 ontzako moztu behar izan zituzten.
Sei lan horietatik, hirutan garaile atera zen Larretxea, eta bitan, Mugetza II.a. Azken honek, lehenengoa eta azkenekoa bereganatu zituen. Kolpekakoan, 38tan moztu zuen enborra eta baten aldea kendu zion nafarrari. Donatok, ordea, bigarren lanean aldeari buelta eman zion 45 ontzakoa 45 segundotan moztuta, eta mutrikuarrari bederatzi segundo kendu zizkion.
Hirugarren lana minutu eta 15 segundoan amaitu zuen, eta 24 segundoko tartea atera zuen. Laugarrengoan, 60 ontzakoa 2 minutu eta 58 segundoan bukatu zuen, eta hor Mugertzarekin berdinduta geratu zen. Azken-aurreko eginbeharrak 2 minutu eta 54 segundoan burutu zituen, Mugertzari 17 segundoko tartea kenduz.
Iraupen proban, Mutrikukoak irabazi zuen. 10 minutu eta 36 segundoan amaitu zituen lanak, eta 10 minutu eta 49 segundoan, berriz, aizkolari nafarrak. Lan guztiak, Larretxeak 19 minutu eta 16 segundoan bukatu zituen, eta 19 minutu eta 57 segundoan, Mugertzak.
Larretxeak finalerdietan Lopezen aurka neurtu beharko ditu indarrak. Olasagasti eta Atutxa, berriz, finala jokatzeko zuzenean sailkatuta daude.