IDOIA AZKARATE | Antzuola
Kukutza gaztetxeari, arima errebeldeei
Esnatu bezain pronto, lehenengo notizia izan da, Kukutza Gaztetxea desalojatzen ari dira. Goizeko bostetan hasi omen dira eta oraindik ez dute lortu.... arima errebeldeak bizirik, nonbait ezkutatuta... Duela pare bat urte egon nintzen bertan, malabaren topaketa batean, umeekin joan ginen. Ikaragarria zen hango mugimendua, hango antolaketa.... Urte luze hauetan, auzoan sortu duten alternatiba horizontal, sortzaile eta dinamizatzaile hau miresgarria dela deritzot. Arima pila txiki askok sortu dute Kukutza, gazte eta ez hain gazte. Momentu gogorrak gaindituz, eztabaidatuz, elkarrekin hasiz, aldatuz.
Tailer pila zeuden bertan, mekanika, okintza, liburutegia, antzerkia, malabarak, trapezioa, oreka, hizkuntzak, musika... Egunero ematen zuten bazkaltzen, oso prezio eskuragarrian. Bigarren eskuko arropak zeuden bertan, behar zituenak hartzeko.
Espazio aske bat, non ez daukazun zertan kontsumitu, non dirua ez den xedea, non ametsak gauzatu, non ideiak moldatu, non sistema zalantzan jarri, non kapitalismoak ez zuen lekurik, non sistema patriarkala hautsi.... Eta orain zer?
Ba, arima errebeldeek beste habia bat aurkituko dute eta sorkuntzak jarraituko du, beste leku batean, Kukutzan sortu den haziak fruitu ederrak eman dituelako. Gazte eta ez hain gazte, eutsi goiari, ametsak ez dizkigute-eta zapuztuko. Indarrak bidali nahi dizkizuegu, mendi puntatik, gu ere duela urte asko, ordu hauetan gaztetxe bat defendatzen ari ginelako eta oraindik arima errebelde zantzu txiki bat daukagulako barnean.