GARA > Idatzia > Kultura

Gorputzaren oroimena lantzen duen koreografia miresgarria

80 urte inguru dituzten hiru dantzari hartu ditu Mizel Theretek «Oroitzen naiz...» koreografia harrigarria sortzeko. Miresmenetik egindakoa da, protagonista diren dantzarien ibilbideari egin omenaldia ere bada-eta: Philippe Oyhamburu, Koldo Zabala eta Jean Nesprias.
p051_f01_152x108.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

«Keinuak, dantza, zahartu eta ahuldu egin dira, baina buruak segitu nahi zuen; zuek ikusiko duzue zer gelditzen den», adierazi zuen irribarre batekin Philippe Oyhamburuk. Mugimenduak eta gorputza zahartu izana ez da harritzekoa; izan ere, Oyhamburuk 90 urte bete ditu aurten. Bere dantzakideak bera baino gazteagoak izanik ere, badute dantzari eskainitako ibilbide luzea beraien oroitzapenetan. Jean Nespriasek 84 urte egin ditu eta Koldo Zabala «gazteak», 75.

Euskal Kultur Erakundeak eta Malandain Ballet Biarritzek produzitutako lan hau Mizel Theret koreografoaren gogoan sortu zen: «Xede arrunt berezia da, usaiaz kanpokoa. Adineko dantzariak dira, esperientziaz beterik direnak».

Esperientzia hori Euskal Herrian zehar ezagutzeko parada izanen da; izan ere, Ballet T-Mugaz Haraindiko Koreografia Zentroak ere egitasmoan parte hartu baitu. Biarritzen irailaren 29tik urriaren 2ra izanen da, ondotik Bidasoaren bestaldera salto egiteko. Donostian Principal antzokian izanen da urriaren 4an eta Bilbon ere izanen dela aurreikusi dute.

Dantzarien esperientzia kontuan hartua izan da obran, baina aldi berean koreografoak beraien mugak zeharkatzera eraman ditu. «Idazketa arrunt garaikidea du piezak. Ausardia handia izan dute ezagutzen ez duten hizkuntza mota honetan sartzeko, oso garaikidea eta minimalista baita».

Koldo Zabalak koreografia berri honen aurrean izan zuten zailtasuna nabarmendu zuen: «Sorkuntza hau barnealdetik sentitzea balentria bat izan da, eta ez fisikoa soilik, intelektuala ere bai».

Omenaldia

Ikusgarriak omenaldi kutsua ere baduela nabarmendu du sortzaile eta koreografoak: «Hirurek lan gaitza egin dute Ipar Euskal Herrian dantzaren eta euskal kulturaren alde, bakoitza manera oso ezberdinean». Emozioz beterik gehitu zuen: «Miresten ditut eta diedan maitasuna obran ikusten da».

Dantzarien aukeraketatik harago doan omenaldia da Theretena; izan ere, protagonista bakoitzaren izaera koreografian agertzen da. «Diren bezala hartu ditut. Esaterako, Jean beti bere txapelarekin ezagutu dut eta hori eszena bat egiteko baliatu dut. Koldoren ibilbide klasikoa ere agerian gelditzen da koreografian».

Ibilbide zabal eta nabarmena izanik hiru protagonisten izaera ere mintzagai da koreografian: «Gaitzeko pertsonalitatea badute eta hori ere ikusten da taula gainean. Hori ez da usaiazkoa gaur egun, beraien jendetasuna agerikoa da».

Dantzari handi hauekin egindako lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen koreografoak. «Lan honek ondorio bat izango du, hemendik aurrera dantza ulertzeko manera ere bestelakoa izanen dut».

Dantzariek ere koreografoari egindako lana eskertu nahi izan zioten. «Mizelek sentitzeko eta sortzeko begia eta ausardia izan du», baieztatu zuen Koldo Zabalak. Jean Nespriasek ere koreografoak elkartzeko eman dien aukera eskertu zuen: «Elkartu eta ezagutzeko aukera eman digu».

Poesia

«Niretzat poesia eta jendetasuna transmititzea zen garrantzitsuena, eta horretarako ez da gaztea izan behar», adierazi zuen koreografoak. Bere azken lana azaltzeko ere ikuspegi hau garatu zuen: «Isiltasunak moztutako mugimendua da, poesiaz betea».

«Pieza garratza da batzuetan eta arrunt argia besteetan, jendetasunez betea. Itxaropenez beteriko pieza da», azaldu zuen koreografoak.

Film bat ere egina izanen da ikuskizun honi buruz. Caroline De Otero eta Catherine Guillaudek entsegu guztiak filmatu dituzte eta publiko aurrean eginen diren antzezpenak bilduz film bat osatuko dute. Film osoa estreinatu baino lehen aurrekari bat aurkeztuko dute abendurako.

OROITZAPENAK

«Gogoaren oroitzapenak eta gorputzaren oroitzapenak elkartzen dira ikusgarrian. Lehengo mugimendua adinean aurrera eginda zer bilakatu den ikusten da bertan», azaldu zuen Mizel Theret koreografoak.

Fitxa

Tokia: Biarritzeko Colisée eta Donostiako Antzoki Zaharra.

Data: Irailaren 29tik urriaren 2ra Lapurdin eta urriaren 4an Gipuzkoan.

Sarreraren prezioa:

20 euro. Haur, ikasle eta langabeentzat 12 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo