Laura MINTEGI Idazlea
Intuizioa
Hasieran pentsatu dut zutabea hasi behar dudala adierazten nolako dezepzioa jaso nuen albistea jakin nuenean. Injustiziaren zapore mingotsa itsatsi zitzaidan ahosabaian. Gero erabaki dut ez diodala helduko alderdi subjektiboari, denetarako subjektibitateak daudelako, eta ni lur jota nagoen bezala, beste norbaitek pozarren jasoko zuen Bateraguneren ebazpena. Orduan pentsatu dut sententziaren zati literalak aipatuko ditudala absurduaren absurdua agerian jartzeko. Baina begi bistakoa da ez dudala Alvarez-Solisek baino hobeto adieraziko lengoaia juridikoaren maltzurkeria eta nola «aquiescencia» hitza erabili duten «kidetza» frogatzeko, hitzak aurkakoa esan nahi duenean.
Baina segidan baztertu dut bide hori zutabea idazteko. Pentsatu dut ebazpen honek ez duela zerikusirik justiziaren administrazioarekin, eta are gutxiago justiziarekin, noski. Beraz, bururatu zait arlo politikoari heltzea eta azaltzea zein den azken arrazoia Arnaldo Otegi eta beste kideak kartzelara bidaltzeko. Eta ildo horretatik abiatuta, bururatu zait ezker abertzaleak pazientzia infinitua daukala eta, tempus honekin asmatzen badu, ez dela egongo indar politikorik edo estatu itsurik geldiaraziko duenik independentziarako bidea.
Eta zalantzak janda nagoela, erabaki dut alferrikakoa dela zutabe batean ematea arrazoi subjektiboak edo juridikoak; alferrikakoa dela azterketa politikoa egitea. Intuizioak esaten digu hortixe jo beharra dagoela, haatik, eta intuizioa hitzez azaldu ezin bada ere, ederki adierazten dela irribarre bat marraztuz Euskal Herriaren mapan.