Erdogan berritzaileak aspaldi luzeko estrategiari eutsi dio kurduekiko gatazkari dagokionez
Ukaezina da Turkiak leku propioa lortu duela munduko diplomazian, eta Ekialde Hurbilean eta Afrikako iparraldean, protagonismo berezia. Israelekiko dituen harremanak aspaldiko kaskarrenak dira; hala ere, NATOko kidea da eta, beraz, Ameriketako Estatu Batuen aliatu. Herrialde horren misilen aurkako ezkutuaren zati bat bere lurraldean jartzeko baimena eman izanak Iran mindu egin badu ere, harreman onak ditu herrialde horrekin ere. Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdogan indartuta gertatu zen azken hauteskundeetan, eta izan zen kurduekiko gatazkari irtenbide bat emateko negoziazioei ekiteko une aproposa zela esan zuenik; izan ere, egoerak aproposa zirudien gatazka zahar horri heltzeko. Erdoganek, ordea, berehala utzi zuen argi ez zegoela horretarako prest, eta beste arlo batzuetan erakutsi dituen aldaketak eragiteko gaitasuna eta borondatea ez ditu erakutsi kurduen eskubideen gainean hitz egiteko. Aitzitik, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren kontrako erabateko gerrari eutsi dio, eta AEBei laguntza militarra eskatu die. Erdoganen jarrera Turkiako gobernuek kurduen eskubideen aldeko borrokaren aurrean aspaldi luzean izan duten estrategia beraren ondorio da.