GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Bizirik dirau

Euskal Herriko gaztetxe guztietatik askoz haratago doan borroka da hau: inposatzen dizkiguten eskemen arabera funtzionatzen dugun herritar on-zintzo- modelikoak izan ala geure eskema propioak erabaki eta eraikiko ditugun herritar askeak izan

Bestelako asmo batzuk neuzkan buruan paper zuriari ekin orduko; egia esan, ez da gairik falta egun zoro korapilatsuotan. Albo batera gelditu dira, ordea, eta hurrengo baterako izan beharko; Kukutzaren desalojoaren albisteak gaur goizean iratzarri [atzo goizean zuontzat] eta Bilbon, behintzat, Kukutzan izan da gure gogoa egun osoan.

Kukutza desalojatuko zutela abisatuak geunden, baina «bagenekien gertatuko zela» esaldia norbaiti entzuteak ez du momentuko larritasuna baretzen, ezta egoeraren latza apaltzen ere. Are gutxiago laztasun hori lazgarriago egiteko aginduaz aritu direnean.

Bilboko Gaztetxea hustu zutenekoak etorri zaizkit burura egunotan; Bilboko Gaztetxea, badakizue, Alde Zaharrekoa, 1992an hustu ostean hainbat urtez hormaturik egon zena... Idazten ari naizen momentu honetan oraindik ez da agertu komunikabideen aurrean gure Adolf partikularra, Adolf Ares, alegia; baina gaur goizeko basakeriak azaldu behar omen dizkigu laster batean herritarroi. Kukutzan ere, Bilboko Gaztetxean bezala, giza eskeletorik topatu al dute? Kukutzan ere umeen burezurrak gorderik izan dituzte aker, aizkora eta granadak botatzeko tramankulu artean?

Orduan zabaldu zituzten gezur ustelek ez diete balioko oraingoan. Aresek Erandiotik bere «azalpenak» ematen dituen bitartean, Bilboko kaleak Ametzolatik gaztetxera aldarrikapen batez bete dira: Kukutza aurrera! Kukutzatik ez dira pasatuko! ¡Menos policía, más cultura!

Argazkiak, bideoak, konexioak zuzenean, ez dago gezur posiblerik, ez dago zilegitasunik botako duten ezein berbatan. Izan ere, Errekaldeko auzoak ikasgai paregabea eman die guztiei: ikasgaia auzolanaz, ikasgaia indarraz, ikasgaia elkartasunaz. Auzoan daukaten altxorra halakotzat jo eta halakotzat zaintzeko asmo irmoa ez da hain erraza topatzen.

Ortuondok bere momentuan Bilboko Gaztetxearen inguruan zera bota zuen, autogestionatutako lokala zela hura, eta, adieraztera eman zuen moduan, horixe zen, hain zuzen, permititu ezin zena. Zelan da posible kontrol politikotik aske, kate moduan erabiltzen diren diru laguntzetatik aske, sekulako soldatadun gestoreetatik aske lokal bat kultura eta aisia erreferente eztabaidaezina bihurtzea? Bai, horixe da, hain zuzen, permititu ezin dena.

Kukutzatik, Zazpi Katutik edo Euskal Herriko gaztetxe guztietatik askoz haratago doan borroka da hau: inposatzen dizkiguten eskemen arabera funtzionatzen dugun herritar on-zintzo-modelikoak izan ala geure eskema propioak erabaki eta eraikiko ditugun herritar askeak izan; lan egin eta hil arte kontsumitzen dugun engranaje bihurtu ala makinatik salto egin; postalak ematen duten herriak ala herritarrentzako herri biziak; diruaren boterea ala herriaren borondatea.

Kukutzak zutik iraungo duen ala ez adi egongo gara denok hurrengo egunotan, baina euren indar eta diru eta lege guztiak erabilita ere, eraikin bat husteak, eraikin bat eraisteak ez dezatela pentsa eraikin horrek suposatzen duen guztia amaitzea esan nahi duenik. Kukutzak bizirik dirau eta bizirik iraungo du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo