Larunbateko manifestazioaren ondoren, urratsak egiten jarraitzera deitu dute
GARA
Joan den larunbatean Donostian izan zen manifestazioak izan zuen erantzunarengatik eskerrak eman zituen atzo Egin Dezagun Bidea ekimenak. «Milaka eta milaka herritarrek beste behin ere ozen aldarrikatu zuten espetxe politika ankerrak bukatu behar duela, eta baiezko borobila eman zioten eskubide guztien errespetuari», adierazi zuten.
Arte eszenikoetako profesionalei esker bereziak eman zizkieten, promozio kanpainan egindako lanarengatik eta larunbatean ere bertan izan zirelako.
Mobilizazio horren arrakastaren ondoren, aurrera begiratzeko unea dela gaineratu zuen Egin Dezagun Bideak, «euskal jendartearen nahia eta konpromisoa azken muturrera eramateko garaia delako».
«Eskubide guztien errespetua oinarri izango duen aro berria finkatu eta euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko garaia da. Euskal jendartearen nahi, borondate eta lanarekin batera egitera goaz eta egingo dugu», esan zuten.
Urtarrilean, mobilizazioa
Ildo horretan, urtarrilean euskal preso politikoen alde herri mobilizazio orokorra egingo dutela iragarri zuten. «Sekula Euskal Herrian izan den mobilizaziorik erraldoienetakoa egin nahi dugu, egoerak hala eskatzen baitu. Hurrengo asteetan informazio gehiago eskainiko dugu, baina argi esaten diogu euskal jendarteari gure esku dauden ate guztiak ukitu eta ahalik eta esparru gehien astinduko ditugula euskal presoen eskubideen defentsan milaka eta milaka herritar aktibatzeko», azaldu zuten.
«Sakabanaketa, bizi osorako zigorra aplikatzea ahalbidetzen duen 197/2006 doktrina, preso gaixo larriak espetxean mantentzea, isolamendu eta bakartze egoerak edo espetxe barruan gertatzen diren beste eraso eta eskubide urraketa andanak berehala amaitu behar dira. Euskal jendartearen gehiengo zabal batek hala exijitzen du», nabarmendu zuten Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek.
«Espetxe politikak errepresio eta erabilpen terminoetatik konponbide demokratiko baten klabeetara igaro behar du. Berehala egin beharreko aldaketa da, gainera», gaineratu zuten.