GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko indar abertzaleak biltzeko deia zabaldu du Batasunak

Aurtengoa «indar abertzale eta ezkertiarrak biltzeko kurtsoa» izango dela nabarmendu zuen atzo Batasunak Baionan. Alderdiak abenduko biltzar nagusian horretarako proposamen zehatza eginen du.

Ainize BUTRON | BAIONA

Batasunak Ipar Euskal Herriko indar abertzale, ezkerreko eta progresistei biltzeko deialdia egin zien atzo. Aurtengoa «indar abertzaleak biltzeko kurtsoa» izan behar dela erranez, Xabi Larralde eta Jean François Lefort bozeramaileek batasun horren «norabidea hartu» eta horren aldeko «urrats eraginkorrak egiteko» garaia iritsi dela nabarmendu zuten.

2012ko ekainean Estatu frantsesean izanen diren Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Euskal Herria Bai koalizioa aurkez dadin proposatzeaz gain, hitzordu hori baino harago, «indar abertzaleen bilketa formalizatu, eta jorratu nahi den bidea finkatzeko eztabaida estrategikoa» landu behar dela erran zuten.

Horretarako, hiru lan ildo proposatu zituzten: nazio eraikuntza, aldarrikapen instituzionala, eta Ipar Euskal Herrian bermatzekoa den prozesu demokratikoa finkatzea.

Berriki herri elkargoen inguruan izandako eztabaidan abertzaleek «ahulezia itxura» eman, eta «aho bakar batez hitz egitea» lortu ez izana tamaldu zuten. «Bil Gaiten begi onez ikusten dugu, baina biltzea ez da soilik hautetsien artean egin behar, oinarriko militante eta herritarrek ere horretan parte hartu behar dute», gehitu zuten. Dagoeneko Batasunak barne gogoeta bat abiatua du, eta datorren abenduaren 10ean eginen duen biltzar nagusian proposamen zehatz bat plazaratuko du.

Senatukoak

Gaurkotasun politikoari buruzko hausnarketa egiteko ere baliatu zuten agerraldia Larraldek eta Lefortek. Datorren igandean frantses Senaturako hauteskundeak izanen direla-eta, bertan aurkeztekotan ziren bi indar abertzaleen inguruko iritzia plazaratu zuten.

Alde batetik, Gabi Mouescak aurkezteko izan duen debekua salatu zuten, eta, oinarrizko eskubideen ikuspuntutik ez dela onargarria adierazi zuten. Abertzaleen Batasunak Europe Ecologie alderdiarekin egindako aliantza ere arbuiatu zuten.

Xabi Larraldek, hautagaitza hori finkatzeko orduan, Euskal Herria Bai osatzen duten alderdien artean eztabaidarik ez izana deitoratzen duela erran zuen lehenik. Eta, hautagaitza horren gibelean, Alderdi Sozialistarekin aipatzen den akordioa desegokitzat jo zuen. Akordioak Senaturako hauteskundeen bigarren itzulian indarrean izan beharko luke. «Ipar Euskal Herriko lurraldea deuseztatzeko lehen aukera heldu delarik, Alderdi Sozialistak aho batez alde boz- katzen du. Desegokia iruditzen zaigu horrelako alderdi batekin akordiotan ibiltzea», erran zuen Larraldek. Batasunak, beraz, bigarren hautagaitza horrekin ez bat egiteaz gain, horren alde ez bozkatzera deitu zuen.

Azkenik, abuztu bukaeran izan herri elkargoen eztabaida izan zuten hizpide. Horren inguruan, eztabaida horren xede bakarra Ipar Euskal Herriaren «eremua mapatik desagerraraztea» dela berretsi zuten. 1993an abiatu Euskal Herria 2010 eta ondorengo Euskal Herria 2020 proiektuek «ustezko kontsentsu politiko bat» sortu zutela erran zuten. «Sektore jakobino batzuek, Landak aglomerazioaren baitan sartzea proposatuz, kontsentsu horri eraso egin eta hautsi egin dute», bukatu zuten.

Bilborako deia

Bateraguneren aurkako epaia prozesuarekiko «eraso gogor eta larria» dela eta berori «trabatzea» duela helburu salatu zuten Larraldek eta Lefortek, eta Bilboko manifestazioan parte hartzera deitu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo