GARA > Idatzia > Euskal Herria

Paueko Kontseiluak AHT finantzatzeko erabakia auzitara eraman du CADEk

p016_f03.jpg

A.B. | BAIONA

CADE kolektiboak atzo jakinarazi zuenez, auzitara jo dute AHT linea berriko Tours-Bordele zatia eraikitzeko 79 milioiko aurrekontua onartuz Paueko Kontseilu Nagusiak hartu zuen erabakiaren aurka.

Jakinarazi zutenez, CADE kolektiboko partaide den Urdazubi-Bidasoa elkarteak jo du auzibidera; joan den uztailaren 7an helegitea aurkeztu zuen auzitegi administratiboan eta datozen asteetan jasoko dute erantzuna. Aurkeztutako errekurtsoan argudiatu dute 79 milioi euroko diru ekarpena egiteko erabakia behar bezala oinarrituta egoteko informazio nahikorik ez zutela Paueko Kontseiluko hautetsiek.

CADEko ordezkariek, horren berri emateaz gain, AHT egitasmoaren aurkako mobilizazioa bultzatzen jarraituko dutela esan zuten atzo, eta, datozen asteetarako hainbat hitzordu eman zituzten.

Estatu frantsesak proiektua bi urtez eten badu ere, azpiegitura hori beharrezkoa ote den zalantzan jartzeko lana ez da gelditu behar, CADEren iritziz. Irailaren 24an, Mugerren egitekoa den eztabaida finkatu dute lehen hitzordutzat.

Bildu eta Aralar, aurka

Bitartean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, AHTren aldeko mozioa onartu zuten, PSEk aurkeztutakoa. EAJk eta PPk bat egin zuten egitasmoa bultzatzeko beharrarekin; eta Bildu eta Aralar, aldiz, aurka agertu ziren.

PSEko Lore Suarezen ustez, egungo garraio sistemak «eraginkorragoa eta aldi berean jasangarriagoa» izan behar du, eta alde horretatik, AHT «estrategikotzat» jo behar da, eta orain arteko erritmoari eutsi behar zaio.

EAJko Arantza Tapiak eta PPko Iosu Murgiondok atxikimendua eman zioten jarrera honi. Azken horren ustez, AHTk «oraingo trenbide sarea osatu baino ez du egiten».

Bilduren izenean, Idoia Ormazabalek nabarmendu zuenez, diagnosi orokorra egitea ezinbestekoa da, emaitzak ikusi ondoren erabakiak hartu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo