GARA > Idatzia > Ekonomia

Greba orokorra hezkuntzan, irailaren 27an, lanpostuen murrizketa salatzeko

Ipar Euskal Herriko eskoletan greba orokorra izanen da irailaren 27an, Hezkuntza Ministerioaren murrizketa politika salatzeko. Sindikatuen deialdi bateratua beste eragile batzuen ekintzekin batera dator, gurasoen federazioak hezkuntza politika aldatzeko kanpaina hasi du-eta.

p025_f01_199x132.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Irakaskuntza publiko eta pribatuko sindikatuek bat egin dute Gobernuaren murrizketa politika salatzeko. Deialdia egin dute lanpostuen desagerpenak agerian uzteko. Izan ere, Hezkuntza Ministerioak azken lau urteotan 52.000 lanpostu kendu dituela salatu du intersindikalak, FERC-CGT, FSU, SGEN-CFDT eta UNSA Education taldeek, eta «lanpostuen desagerpena gelditzeko» eskatu diote Estatuari.

«Hurrengo aurrekontuetan beste logika bat ezartzea eta hezkuntza sistemaren eraldaketa demokratikoa egiteko eskatzen diogu Hezkuntza Ministerioari, ikasle guztiek beren aukera izan dezaten», gehitu zuten sindikatuek.

Mobilizazioak ugariak izan dira urte honetan, ikasturte hasiera honetarako Estatu mailan 16.000 lanpostu gutxiago izanen zirela jakinik. Protesta handia izan da, bereziki, aurreikuspenen arabera, 60.000 ikasle gehiago izango zirelako.

Estatuak eskola publikoa «belauniko» jartzen duela salatu dute langileen elkarteek. Izan ere, hutsik geratzen diren funtzionario postuen erdiak baino ez ditu ordezkatzen. Estatu frantsesa hezkuntzan gutxien inbertitzen duen estatuetariko bat dela nabarmendu dute. Azken hamabost urteetan, %1 murriztu da Estatuko aurrekontuetatik hezkuntzara bideratzen den dirua (%7,6tik %6,6ra).

Intersindikalaren deialdi honekin bat egin du LABeko Hezkuntza arloak. Sindikatu abertzalea bat dator beste sindikatuek egindako eskaerekin, baina euskararen irakaskuntzarako baliabideen emendatzea ere eskatzen du. «Euskara orokortu behar da hezkuntzan», adierazi zuen LABeko Jon Irazokik.

Langileak, gurasoak eta ikasleak erregularki mobilizatu direla ekarri dute gogora sindikatuek, baina horrek ez duela botere erlazioa aldatu.

Gurasoen elkarteen federazioa

Gurasoen elkarteen federazioak (FCPE) Gobernuaren politika salatzeko kanpaina hasi du. Horren harira, departamenduko hautetsi guztiei gutuna bidali diete, indarra egin dezaten hezkuntza politika alda dadin.

Pirinio Atlantikoetako federazioa Hezkuntza Da Gure Etorkizuna kolektiboko -Estatu mailakoa- partaidea da eta abiatu kanpaina hau desmartxa komun baten parte da.

Ahalmen urriko haurrentzat baliabide gutxiegi

Ikasturte hasiera hau aurrekoak baino hobea izanik ere, ikastetxeetan oraindik badira laguntzailerik ez duten ahalmen urriko haurrak. Hezkuntza pribatuan, hamaika haurrei ez zaie laguntzailerik ezarri, horietatik hiru ikastoletan. Publikoan hamabi haur dira, baina beren egoera konponbidean egon liteke.

Datu hauek guztiak ezagutzera eman dituen Handik kolektiboak ondorioztatu duenez, egoera bidegabe horiek konpontzeko auzitara jotzeko joan den urtean egin zuten kanpainak emaitzak ekarri ditu. Izan ere, iaz 50 haur izan ziren egoera horretan, eta aurten, aldiz, 23 dira.

«Gudu bat irabazi, baina borrokak segitzen du», adierazi du kolektiboak. Izan ere, beharrak artifizialki apalduak direla salatu dute. Lanaren prekarietateak eta lan horretarako formazio berezirik ez duen jendea hartzeko politikak haurren hezkuntzan eragin zuzena duela salatu dute. «Behar guztiei erantzuteko adinako baliabideak emateko eskatzen diegu Akademiako ikuskaritzei; iragarritako 2.000 lanpostuak ez dira banatuak izan».

Sindikatuen grebarako deialdiak zailtasun egoeran dauden haurren aldeko deia ere egiten du, integrazioa bultzatzearen aldekoa. I. E.

iritzia Tronpatu

«Gobernuak gizartearen iritzia tronpatzea bilatzen du, gutxiagorekin gehiago egin daitekeela errepikatzen dute etengabe», erran dute sindikatuek lanpostuen murrizketa salatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo