GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Orain arte ikusitakotik harago doan «Bi anai» kontenplatiboa

 

p040_f02.jpg


Ane ARRUTI | DONOSTIA

Imanol Rayo arbizuarrak 27 urte baino ez ditu eta bere lehenengo pelikula zinema kontenplatiboaren maisulan gisa definitu dute zenbait adituk, eta Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu beharko lukeela aldarrikatu ere bai. Beste zenbaitek, ordea, anbizioak galdu duela ere esan dute. Hauxe aitortu digu berak: «Hasieratik premisa oso zehatzak planteatu genituen. Oso argi geneukan ezohiko filma izan behar zela, baina ez diferenteak sentitzeko asmoarekin, baizik eta gauza garrantzitsu bat egiten ari ginela ikusten genuelako, orain arte ikusita genituen gauzetatik aldendu nahi genuelako».

Bernardo Atxagaren liburua oinarri izan duela aitortu zuen Rayok, baina planteamendu erabat irekiarekin. «Atxaga prozesu osoan zehar egon da, baina hasieratik planteatu genizkion gure premisak: zein garrantzi zuen irudiak, naturak, animaliek, begiradek, soinuak... Garbi eta jator jokatu dugu berarekin hasieratik».

Kandigo Uranga, Bingen Elortza, Aitor Coteron, Loreto Mauleon eta Oihan Lopetegik hartu dute parte, besteak beste, film honetan. Bi anaiaren arteko harremana du ardatz, aita hil ostean adimen urritasuna duen anaia zaharrena zaindu beharko du Paulok. Hala ere, Atxagaren liburuaren moldaketa zehatza topatzea espero duen ikuslea ezustean harrapatuko du pelikulak. «Erreferentzia hori bilatzen ari dena oker dabil. Nik ulertzen dut konparazioa existituko dela, erakusleihoan gaude, baina pelikula hori baino askoz ere urrunago dago. Hori guztia gaindituta dauka eta beste izateko arrazoi bat dauka», esan zuen.

Berritasuna planteatzen du Rayok, baina «printzipioen deklarazio» honek eman duen emaitza ez du zirkuitu itxian gelditzerik nahi. «Akats handia dago horretan. Badirudi publiko espezializatu batentzat dela printzipioz, baina, finean, guk planteamendu hau egiten badugu, nolabait jendeari hau eskaintzeko da, modu irekian jasotzeko».

Munduari begiratzeko beste modu bat aurkeztu nahi du. «Istorio bera da, baina dena omisioz ari gara kontatzen, iruditik kanpo gertatzen dena askoz ere garrantzitsuagoa da askotan», esan zuen. «Gaur egun ohituta gaude guztia kontatzera, informazio asko behar dugu eta ia ez gara gai gure kabuz zerbait interpretatzeko».

ESTREINALDIA

«Bi anai» filma azaroaren 4an estreinatuko da Euskal Herriko eta Estatu espainoleko zinema aretoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo