GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

KRONIKA | ZINEMIRA GALA

Galako jantziz ospatu du bere festa euskal zinemak

Euskal zinemak bere gaua ospatu zuen atzo. Zinema alorreko eta kulturgintzako ordezkariak bildu ziren Victoria Eugenian. Baita zinemazaleak ere. Zer hobe lagun zaharrak agurtu eta urteak emandako uztaz pantaila handian gozatzea baino.

p040_f04.jpg

Xole ARAMENDI

Victoria Eugenia antzokia aurpegi ezagunez eta zinemazalez betetzen joan zen ordua inguratu ahala. Kanpoan, Bilboko Kukutza gaztetxearen itxiera salatzen, herritar talde bat. Fermin Muguruzak -«Next Music Station: Lebanon» lana aurkeztu du Zinemaldian- ere bat egin zuen salaketarekin galara sartu aurretik. Ertzaintza bertan bildutakoak identifikaraztera hurbildu zen une batean, baina aldarrikapen ekitaldiak aurrera egin zuen.

Saint-Exuperyk esana da: «Gu guztion herria haurtzaroa da». Idazle frantziarraren hitzekin bat eginez, bere sorterriari, Hernaniri, eskaini zion Elias Querejetak (Hernani, 1934) Zinemira saria. «Ez dakit zer esan, bueno bai, beti gustatu zait Saint-Exuperyk zioena. Nire haurtzaroa Hernani da eta berari eskaintzen diot saria», adierazi zuen Victoria Eugenia betez zutik zegoen publikoari zuzenduta.

Aizpea Goenagaren eskutik jaso zuen saria. Etxepare Institutuaren zuzendariak eskerrak eman zizkion euskal zinemaren alde egindako lanagatik. «Euskaldunak mapan jartzeko lana errazten duen kastakoa da Elias», nabarmendu zuen. Saria eskuan gora jasoz agurtu zuen publikoa Querejetak. Eta «gero arte!» esanez utzi zuen agertokia zinemagileak, bertan bildutakoen irribarre artean.

Zinema ekoizle eta zuzendaria izan zen Zinemira galako protagonista, Alex Angulo eta Imanol Uriberen lekukoa hartuz. Zinema alorrean egindako ibilbidearen onespena jaso dute hirurek modu honetan.

Querejetak 1963an sortu zuen bere ekoizpen-etxea eta ordudanik 50 izenburutik gora ekoitzi ditu, horien artean «El espíritu de la colmena», «27 ordu» eta «Tasio». Zuzendari gisa ere aritu da. Zuzendu duen azkeneko lana «Cerca de tus ojos» (2009) film dokumentala da.

Ez zen izan euskal zinemaren gauak eman zuen sari bakarra, «Bi anai» filmak Serbitzu saria eskuratu baitu. Ramon Agirrek, Joxean Muñozek eta Maialen Lujanbiok osatutako epaimahaiak hala erabakita, 20.000 euroko dirusaria jaso du Imanol Rayoren lanak. Bere lanean sortu dituen irudi biluzi eta zainduak nabarmendu zituen Agirrek, baita erabili duen ikuskera erradikal eta ausarta ere.

Zuzendari arbizuarrak lantalde osoari eskaini zion saria, lagunen oihu eta publikoaren txaloen artean. Sari banaketaren ondoren, filma ikusteko aukera izan zuten antzokian bildutako guztiek. Baita Gregorio Muroren «Zeinek gehiago iraun» film laburra ere.

Zinemira, aurrerapausoa

Esnalen esanetan, «lehia handia da. `Bertsolari', `Bi anai', `Arriya'... bada mugimendua». Ondorioz, euskal zinema osasuntsu ikusten du zuzendari zarauztarrak. «Sail Ofizialean, Zinemiran eta Zabaltegin eskaini dira euskaraz egindako pelikulak eta poztekoa da; ez da urtero gertatzen», nabarmendu du.

Bere iritziz, Zinemira saila osatzea aurrerapausoa da. «Nik ulertzen dut Zinemirak euskal zinema bultzatu nahi duela eta, bestalde, ulertzen dut Sail Ofizialean eta Zabaltegin euskal pelikulak sartzeko askotan dituzten beldurrak. A mailako jaialdia da, nazioartekoa, eta zaindu egin behar dute. Hobeto trata zezaketela antolatzaileek euskal zinema? Ez dakit. Askotan jakin gabe hitz egiten dugu. Duela urte batzuk ez zegoen Zinemira eta hori aurrerapauso bat da», amaitu du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo