GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lan politikoagatik espetxeratuen senideek mobilizatzera deitu dute

Badira ehun nafar eta gehiago beren jarduera politikoagatik auzipeturik, eta horietatik 34 espetxeratuta daude gaur egun. Hori salatzeko asmoz, euren senitartekoek manifestazioa egingo dute urriaren 1ean, Iruñean, eta bertan parte hartzeko deialdia egin zuten atzo.

p012_f01_148x108.jpg

Martxelo DIAZ |

Ehun nafar eta gehiago auzipeturik daude beren lan politikoagatik, eta horien eskubide zibilak aldarrikatzeko manifestazioa antolatu dute senideek larunbaterako, Iruñean (Golem, 17.30ean).

Gaur egun, auzipetu horietatik 34 kartzelatuta dituzte, epaiketarik izan gabe, espetxealdi prebentiboan. Horietatik 21 gazte mugimenduan egin duten lanagatik hartu dituzte preso, beste bost amnistiaren aldeko mugimenduan aritzeagatik eta beste zortziak Batasunako edo Ekineko kide izategatik. Guztiak sakabanatu egin dituzte, batez beste 680 kilometrora.

Gainera, datozen asteotan espetxeratuak gehiago ere izan litezkeela ohartarazi zuten; izan ere, hamaika gazteren kontrako epaiketa atzeratu bada ere, azaroaren hasieran, beste bederatziren aurkakoa hasiko da.

Senideen izenean Olaia Goñik eta Marine Pueyok nabarmendu zutenez, «beraien ideiengatik eta egin duten lan politikoarengatik daude kartzelan. Bileretan parte hartzea, ekitaldia publikoetara joatea, prentsaurrekoak egitea edota beraien auzo edo herrietan antolatzea leporatu diete. Horregatik, hain zuzen ere, atxilotu zituzten. Hauetariko asko torturatu egin zituzten eta orain ehunka kilometrora sakabanaturik dituzte».

Horiek horrela, gizarte osoari dei egin zioten Euskal Herrian guztion eskubideak bete daitezen urratsak egiten jarraitzera. Egun bizi dugun egoera politikoan, halako epaiketa eta salaketa gehiagorik ez dela onartu behar eta «senitarteko guztiak etxera itzuli eta beraien ideia politikoak askatasunean defendatzeko aukera» izan behar dutela aldarrikatuko du ekimenak, Goñik eta Pueyok atzoko agerraldian azaldu zutenez.

«Egoera hau iraultzeko, antolatzea eta kalera ateratzea ezinbestekoa da. Sentsibilitate guztietako jende elkartu behar dugu eta Estatuari jendeak politika egiteko duen eskubidea errespeta dezala eskatu behar diogu. Erakunde hauetan militatzen duen jendeari jarraitzeari utzi eta arrazoi horrengatik atxiloturik dagoen jende guztia aske utzi behar dutela ozen esan behar diogu», adierazi zuten Juanje Soriak eta Asier Biurrunek, Eleak eskubide zibilen aldeko mugimenduaren izenean.

Bestalde, Josu Esparza amnistiaren aldeko mugimenduko kidea Espainiaratuko dutela eta internazionalismoa lantzeagatik auzipetu bat baino gehiago ere badagoela gogora ekarri zuten Soriak eta Biurrunek.

nabarrerian, gaur

Larunbateko manifestazioarekin batera, gaur 18.00etan eskubide zibilen aldeko asanblada egingo dute Nabarrerian. Bertan, musika, bakarrizketak, dantza eta abar izanen da 21.00ak arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo