Boulder | Jarduera bikainak
Markel Mendieta, oso sasoiko Araotzeko blokeak astintzen
Arrasateko eskalatzaileak, uda osoa Oñatiko eremu horretan buru-belarri aritu ondoren, muturreko hainbat bloke zabaldu eta egin ditu. Nabarmentzekoak, honako proposamenak: «Eskerrik asko» (8b+), «Ekinez egina» (8b+), «Aupa Baiolegi» (8b/+) eta «Larri belarri» (8b).
Andoni ARABAOLAZA
Markel Mendietak etxeko lan bereziak egin ditu pasa den udan. Eta etxeko lan bereziak diogunean zera adierazi nahi dugu: batetik, etxean bertan, hots, Araotzen burutu ditu; eta bestetik, eginiko jarduera azpimarratzekoa da. Jakina denez, Arrasateko elementua Euskal Herriko zein estatu espainoleko blokeko espezialista indartsuenetarikoa dugu. Eta, horrela bada, oporraldi garai hori boulderreko bandera altxatzen ibili da. Eta nola, gainera!
Aurreratu dugun legez, etxetik oso gertu, Araotzen, jardun du; «Laboratorixua» izeneko kobazulo batean, hain zuzen ere. Oraindik orain, kobazulo hori apenas den ezaguna, eta haren berri Mendietak berak eman dio GARAri: «Ingurumari hartan, kobazulo bat baino gehiago dago, baina uda osoan jardun dudan hori da onena. Kalitate handiko lekua da, oso-oso bloke onak ditu; perfektuak gehituko nuke. Kobazuloa denez, pareta erori handikoa da eta helduleku netoak ditu. Horretaz gain, aipatu behar da zailtasun ezberdinetako blokeak daudela; hasi 6a-tik eta 8b+ zailtasunera arte».
Aurkezpen edo azalpen lan horietan Mendietari emozio puntu bat hartu diogu, eta ez da gutxiagorako. Aipatu dugunez, uda osoa «Laboratorixua» izeneko kobazuloan jo eta ke jardun du; buru-belarri edo itxialdia egiten bloke berriak zabaltzen eta eskalatzen. Berriak bai, baina beti helburu batekin: gogorrak baino gogorragoak ateratzea. Hala ere, arrasatearrak aitortu digu, nahiz eta arratsaldean itzala egon, alderdi horretan eskalatzeko udara ez dela garairik onena: «Hego haizea egiten badu, hezetasun handia dago; giroa erabat kondentsatzen da. Haatik, negua ere ez da batere aproposa, besteak beste, Korea sektorean bezala, ura filtratzen da eta ezin da eskalatu. Nik uste dut hemendik aurrera baldintza egokiagoak izango direla. Baina oso motibatuta eta emozionatuta ibili naizenez, baldintza horiekin ahaztu eta topera jardun dut. Inoiz ez bezala oso emozionatuta ibili naiz. Neure buruari erronka oso gogorrak jarri dizkiot. Egun batzuetan bloke jakin bati soilik bira edo mugimendu bat ateratzen nion. Alabaina, ez nintzen desanimatzen, eta biharamunean berriro han nengoen. Lekua oraindik oso ezezaguna da, eta hara hurbiltzera animatzen dut jendea. Hori bai, etortzen direnei kobazuloa zaintzeko eta ingurua errespetatzeko eskatzen diet».
Nahiz eta etxean murgildu den, uda ederra pasatu duela ez dugu zalantzan jartzen. Eta eginiko lanek emaitza bikainak baino bikainagoak eman dituztela ere esan behar dugu. Blokeko espezialista honek oso sasoiko bukatu zuen pasa den negua. «Berezi» blokearen (8b+) hirugarren igoera egiteaz gain (Iker Pouk eta Ander anaiak aurretik egin zuten), Larraonan bertan «Alerta kobra» (8b edo 8b+) ere sinatu zuen. «Azken bloke hori nik zabaldu eta lehen igoera egin dut. Eroria duen plaka bat da, eta 10 mugimendu gogorrak ditu; den-denak helduleku oso txikietatik tira egin behar da», aurreratu digu eskalatzaileak.
Negua igaro ondoren, arrasatearrak «trantsiziozko» udaberria izan zuen. Baina uda gainean zuen, eta indarraren laborategira hurbildu zen. Blokeko espezialista denez, bere buruari oso helburu jakin batzuk jarri zizkion: bloke gogorrak zabaldu eta igo. Eta aitortu beharra dago lan ederra egin duela: «Uda gogorra izan da, baina erabat gozatu dut. Oso sasoiko nengoen, 8a eta 8a+ graduko blokeak egunean egiten. Gainera, ez dut parrandarik egin, eta gorputzak oso erritmo egokia hartu zuen».
Muturreko proposamenak
Jakina, Mendietak eginiko lanaren emaitzen berri eman behar dugu; izan ere, azpimarratzekoa da zer bloke zabaldu dituen eta zer proposamen egin dien horiei. Hor ere ez da zalantzarik. Eta uzta horren artean, eskalatzaileak lau bloke aurkeztu nahi dizkigu: «Laurak ala laurak ikaragarriak dira. 5 eta 12 pauso artekoak, oso intentsuak zein fisikoak eta asko eskatzen dutenak. Hitz batean, zirraragarriak!»
Lehen blokeari «Larri belarri» izena jarri dio: «Belarri moduko bat du, baina guztiz naturala da; hor dago, gainera, pauso gogorrena. Txorrera finak ditu eta dinamiko oso polita. Eta amaitzeko 7b+ zailtasuneko estualdia. Nire ustez 8b izan daiteke».
Bigarrena, berriz, «Eskerrik asko» blokea da: «Pintza txikiak ditu, eta pauso arraro bat gainditu behar da. Dena eroria duen tarte batean. Ondoren, pauso dinamikoak egin behar dira. Zailtasunari dagokionez, uste dut 8b+ dela».
«Aupa Baiolegi» blokea, bestalde, pasa den irailaren 25ean egin zuen: «Hasiera zaila dauka, baina ondoren eskalada pixka bat lasaitzen da. Bloke honi dagokionez, esan behar dut oso intentsua dela; hots, egindako esfortzuarengatik gorputz osoa puztu egiten zaizu; badirudi lehertuko zarela. Erabateko sabaia da, eta ia denbora osoan oso luzatuta behar duzu eskalatu. Gainera, oinek irrist egiten dute. Nik uste dut bloke hau 8b/b+ inguruan egon daitekeela».
Eta azkenerako, «Ekinez egina» blokea utzi dugu. Arrazoia honakoa da: Mendietari gehien kosta zaiona da. Eta arrasatearrak gehitu digunez, bere faboritoa ere bada: «Bloke hau egiteko lau hilabete behar izan ditut. Pausoz pauso joan naiz. 45º-ko eroria du. Berez, lauzpabost pauso gogor ditu, baina keinuaren aldaketak egitea gogor egiten da. Bestalde, azken pausoan (7b/c) lau aldiz erori nintzen. Psikologikoki oso bloke ederra da. 8b+ graduko proposamena egin dut».
Mendietak egundoko lana egin du, eta emaitzak ezin hobeak dira. Haatik, arestian aipatu dugunez, soilik proposamenak dira, eta hori azpimarratu nahi izan du protagonistak ere: «Agian, burua joan zait, baina uste dut zabaldutako bloke horiek gradu hori izan dezaketela. Makina bat laguni esan diet hurbiltzeko eta probatzeko, baina oraindik ez da inor azaldu. Soilik esan dezaket pozarren nagoela».
Besteak beste, 8b+ graduko bi bloke eta 8b/b+ zein 8b-ko bana proposatu ditu. Arrasatearrak sasoiko dagoela erakutsi du.
Oñati inguruko Araotzeko kobazuloan Markel Mendietak goi mailako bloke gogorrak zabaldu eta lehen igoerak egin ditu.