«Le Mascaret» Bordele zeharkatzen duen olatua
Baldintza zehatzetan gertatzen da «Le Mascaret» fenomenoa, eta horiek betetzean, Bordelen, Garona ibaian gora, olatua sortzen da.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Kirol gehienetan joko eremu bat izaten da. Araua batzuk bete behar dira, eta gehienetan, lehiatzen diren bi talde aurkari izaten dira. Futbolean esaterako, bi ate eta joko eremu bat dago; joko eremua ez da aldatzen, hor dago beti, geldirik. Eguraldia alda daiteke, joko eremu batetik bestera aldaketak izan daitezke, baina eremua berbera da, neurriei dagokienez behintzat.
Surf egiteko behar den eremua, ordea, etengabe aldatzen da eta horrek ingurumenaren arauei so egitera behartzen du surflaria. Itsaskiak, haizea, itsasaldien ordutegia, eragile guztiak kontuan hartu eta haien arabera jokatzera behartua dago. Hala ere, bada salbuespenik, ibaian ateratzen diren olatuak kasu.
«Le Mascaret» izeneko fenomenoa da adibide bat. Fenomeno hau itsasaldiak oso biziak direnean eta ibaian behera datorren ura motel datorrenean jazotzen da (euri gutxi egiten duen garaietan). Leku eta denbora zehatz batean olatu jakin bat hartzeko aukera ematen du. Euskal Herritik gertuen ikus dezakegun ibaiko olatua Frantziako Garona ibaian sortzen da, iraileko marea biziekin.
Le Mascaret
XVI. mendean sortutako izen horrek erro gaskoiak ditu. Berez, boeuf tacheté esan nahi du; zikindu den idiari egiten dio erreferentzia. Ibaiak dakarren uraren kolore ilunak alboetan dauden animaliak antzematen dituenean honek lohitu edo ilundu egiten ditu eta hortik dator mozorrotzearen analogia.
Fenomeno hau ibai-aho zabala duten lekuetan jazotzen da. Baldintza jakin batzuek betetzen dituen ibai orok izan dezake olatu mota hau sortzeko aukera. Marea oso biziak, koefiziente handiko lekuak, ekinozio sasoian (egunak eta gauak iraupen bera duten garaia; martxoaren 21a eta irailaren 21a) eta sakonera txikiko bokale zabalak diren lekuak. Baldintza horiek guztiak biltzen dituen inguruneetan olatu bat sor daiteke ibaian gora.
Euskal Herrian ez da baldintza horiek betetzen dituen ibairik; beraz, ez da fenomeno hori gertatzen den lekurik, edo ez olatu bat sortzeko moduan behintzat. Agian, horregatik ez dago euskaraz fenomeno hori adierazten duen hitzik.
Itsasaldien koefiziente handia duten lekuek mareen artean tarte handia izaten dute. Baldintza hori betetzen duten munduko edozein txokotan gerta daitekeen fenomenoa da honakoa (Kanada, Txina edo Hego Amerikan). Olaturik ikusgarrienak Ingalaterrako Severn ibaian eta Amazona hegoaldean sortzen dira, itsasaldien koefizientea oso altua den lekuetan, alegia.
Euskal herrian itsasaldien arteko tarteak ozta-ozta gainditzen ditu lau metro. Bordelen, itsasbehera eta itsasgoraren arteko tartea handiagoa da, bost metrokoa, eta iparralderantz eginez gero, tarte hori handituz doa. Ingalaterra mendebaldean esaterako, 12 metroko tartea duten lekuak ere badira. Leku horietan altueran 12 metroko tartea egon arren, luzeran kilometrotako desberdintasuna izaten da; beraz, malda gutxiko lekuetan, marea jaisten denean, eremu zabal itzelezkoak ikusten dira; itsasoa oso urrun da, baina itsasgoran dena desagertzen da eta gainera abiada handian igotzen da ura.
Itsasaldiak oso biziak diren sasoian maldan behera datorren ibaiko uraren gainetik gailentzen da itsasotik datorren ura, eta orduan sortzen da olatua. Marea gorantz doan bitartean ibaitik datorren urak ez dio uzten aurrera egiten, baina momentu bat iristen da non itsasoak indar handiagoa duen eta ordura arte atxikita zen ur guztia ibaian gora gailentzen den, eta orduan olatu handi bat sortzen da. Beraz, itsasoak ibaia menderatzen duenean gertatzen da fenomeno hau.
Fenomeno honen ondorioz sortzen den olatuak 15 eta 30 km/h-ko abiadura hartzen du eta 150 kilometroko ibilbidea egin dezake.
Garai batean Frantziako ibai askotan gertatzen zen Le Mascaret fenomenoa (Charente, Sena, Gironda, Garona, Dordoina...), baina ibai ahoetako portuak egin ostean, olatua sortzeko baldintzak aldatu egin ziren eta egun soilik Gironda ibaian altxatzen da uhina.
Frantziako ibaietan sortzen ziren olatuen artean ikusgarriena Sena ibaian sortzen zena zen, baina orain 30 urte Le Havre-ko portuan eraikuntza lanak egin zituzten, eta orduz geroztik ez da gehiago olaturik izan Frantziako hiriburua gurutzatzen duen ibai famatuan. Senan sortzen zen olatuak gainera, kalte handiak sortzen zituen ibai ertzean eta istorio ugari dago fenomeno honekin lotuta.
Saint Pardon
Joan den astean, irailaren 27 eta 28an, olatua sortzeko baldintza egokiak ziren Dordoina ibaian. Azken boladan ez du euririk egin; beraz, ibaia motel zen eta gainera urteko marea bizienetakoak ziren.
Sakonera gutxiko lekuetan itsasotik datorren uhina olatu bilakatzen da, eta orduan hondartzako olatuen gisara apar eta guzti ateratzen du. Ibilbidean zehar olatuak forma desberdina hartzen du; hortaz, horren arabera aukeratzen du jendeak olatua non hartu nahi duen.
Naturak sortzen dituen fenomeno gehienek bezala, honek ere jende andana erakartzen du. Saint Pardon herrian pilatzen da jende gehien. Lehenik, adineko jendea bertaratzen da, ibai ondoan dagoen ikuslekuko barandan lekua hartzera. Pixkanaka ikusleen kopuruak gora egiten du, eta azkenean ehunka pertsona biltzen dira; ikusle soilak, argazkilariak eta mota guztietako tresnekin ibaian sartzeko prest dagoen jendea.
Ibaiak kolore marroi iluna du eta horrek zikin itxura ematen dio, baina behin uretara sartuta ez da hain deserosoa. Ibaiko urak ez du gatzik, itsasoko urak baino dentsitate txikiagoa dauka; beraz, itsasoan ibiltzera ohituta dagoen surflariarentzat nahiko zaila da, taula askoz ere gehiago hondoratzen baita.
Saint Pardongo portutik abiatzen da jendea, itsasoranzko norabidean. Piragua, bodyboard edo edozein motako taulekin abiatzen da jendea, eta ura ukitu orduko korronteak eramaten ditu. Esfortzu handirik egin gabe egin daitezke bi edo hiru kilometro ibaiko korronteekin. Zailena, zera da, behin lekura iritsita, bertan geldirik mantentzea, horregatik jotzen du jendeak ertzetara. Sakonera gutxiko lekua denez, ibaiertzean egoten da jendea olatuaren zain eta berau etortzen denerako prestatzen da.
Olatuaren etorrera zirraragarria da. Lehenik, soinu burrunbatsu bat entzuten da, eta segundo gutxitara olatua agertzen da. Uhin bakarra da egiaz olatu forma duena; bere atzetik metro gutxiko tartean uhin andanak jarraitzen dio, baina atzekoak ez dira olatu forma izatera iristen. Itsasontzi bat iragatean honek atzean uzten duen uhin lerroen antzekoa izaten da.
Olatu bakarra izanda jende asko pilatzen da, baina gehienak zuzen joaten dira, erraz hartzeko taula oso handiak eramaten baitituzte. Hala ere, ibaiaren ertzetan, zenbait lekutan olatuak forma polita hartzen du, eta taula txikiarekin surf egiteko modukoa da. Gainera, ibaiko olatua izanik, ia kuzkurdurarik gabekoa da, oliozko olatua dirudi; ondorioz, taularen ertzak sartzean oso ongi erantzuten du eta horrek abiadura hartzeko aukera ematen dio surflariari.
Olatua noiz iritsiko den jakitea erraza da; izan ere, Libournen, ura jaisten hasi baino 45 minutu lehenago agertzen da olatua. Fenomeno zinez bitxia da, olatua bere orduan agertzen baita, tren bat balitz bezala. Frantsesek orduz kanpo iristeko fama omen dute, baina, antza, olatu hau salbuespena da.
Itsasaldiak oso biziak diren sasoian maldan behera datorren ibaiko urarekin talka egiten du itsasoko urak. Itsasoak gora egin nahi du, baina ibaiko urak atxikitzen du. Itsasgoran, ibaia menderatzen du itsasoak eta orduan sortzen da ibaian gora egiten duen olatua.
Sakonera txikiko lekuetan itsasotik datorren uhina olatu bilakatzen da, hondartzako olatuen gisara eta ibilbidean zehar olatuak forma desberdina hartzen du, beraz horren arabera aukeratzen du jendeak olatua non hartu nahi duen.