GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Ito bai, baina binaka

Pospoloekin jolasean ari zen haurrak agudo begiztatu zuen. Inurritegian erortzen uzten zuen fosforoak sakabanaketa eragiten zuen bertako intsektu formizidoengan. Inurritegiko biztanleek norabide guztietan egiten zuten ihes, baina ihesaldian binaka elkartzen ziren eta horrela, bikote babesean, heriotza itxaroten zuten patxadaz, sugarrek erreko zituztela jakinda.

Biarritzeko harkaitzekin muga egiten duen Angeluko hondartzak La Chambre d'Amour du izena. Antza, haitz artean diren zulo horietako batean lardaskan ari zen maitemindu bikote bat atzeman zuen itsasgorak, eta inurriak bezala, patuak eraman zituen. Maria Luisa, Napoleonen emaztea zenak bere senarra limurtu omen zuen garai hartan hain famatua zen istorio hura non jazo zen ikustera eramateko, eta orduan jarri omen zioten egun duen izen panpoxa.

Joan den astean jende askok galdegin dit Zumaian itsas korronteek eraman nahi izan zuten ezkongai bikotearen pasadizoaren inguruan. Ez dakit zer espero duen jendeak, ez dakit zergatik igorri didaten albiste hori, agian nire asteroko txoko honetan astakeriaren bat esan dezadan nahi dute?

Niri, ordea, ez zait beste munduko albistea iruditzen. Ezkongaiak dagokiena egiten ari dira, alegia antzerkia. Itsasoan sartu eta emaztegaia korronteek bultzatzen dute, senargaia alkandora erantzi eta bere printzesa babestera doa, istorioa pixka bat korapilatzen da, eta azkenean surflari batzuen laguntzari esker lehorreratzen dira.

Zer du horrek interesgarri? Nork ez du izan susto bat itsasoan? Mundu guztiak dauka «ia ito nintzen» dioen istorioa. Denok ito gara «ia-ia» noizbait. Ezkongaiek ez dute «ia ito ginen» istorio bat izateko eskubiderik ala?

Horra, gertaera kondaira bilakatzeko ezinbesteko osagaia. Drama. Angeluko bikote eztia bezala, Zumaiako ezkongaiak ere ito balira, orduan bai, interesgarria litzateke. Zer egingo diogu ba? Horrelakoa da da gizakia. Makurra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo