GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | KILOMETROAK AZPEITIAN

Klik edo keinu txiki ugari batuz, aurrera doa Ikasberri ikastola

Klik! Aitor kuadrilla osoarekin etorri da Azpeitira, euskarari lagundu bitartean kontzertuetan gozatzera. Klik! Naiara lau hilabeteko alabari bularra ematen ari da ikastolan jarritako edoskitze gunean. Klik! Eguzki indartsutik babesteko «Gora Euskadi» dioen txapel tipikoa buruan, aurrera doa aitona. Klik, klik, klik... Zerbait mugitzen da jende ugari eta hain ezberdina helburu beraren alde batzen denean.

p006_f01.jpg

Maider IANTZI

«Klik!» logotipo eta leloa aukeratu du Azpeitiko Ikasberri ikastolak 2011ko Kilometroetarako, «ikastolen mugimenduaren hotsa delako, dabilen herriaren urratsa». Horixe izatea nahi zuten atzoko jai eguna, «mugimendu honen beste urrats bat», eta Urola bailarako herrian bildu ziren euskaltzaleen kopurua eta aniztasuna ikusita, xedea lortu zutela erran daiteke. Kantuak dioen bezala, klik bat keinu txiki bat da etorkizunerantz. Baina zein handi bilakatzen den anitzek bat egiten dutenean!

1979ko eta 2000ko besten ondotik, hirugarrenez ospatu zuten Kilometroak jaia Azpeitian, eta ibilbidea ireki aitzineko ekitaldian adierazi zutenez, ohore handia izan da herritarrentzat. «Euskarak eta Azpeitiak bide luzea daramate eskutik helduta. Ez diogu euskarari inoiz hutsik egin, ezta egingo ere», ziurtatu zuen Eneko Etxeberria alkateak. Gogora ekarri zituen pasatako une ilunak eta jasandako eraso ugariak, eta euskara gutxietsi egin izan duten arren, ikastoletatik kimikariak, arkitektoak, garbitzaileak, irakasleak... denetarik sortu dela eta sortzen ari dela ohartarazi zuen. «Euskaldunon lurralde librea handitzen doa pixkanaka eta bide horretan aurrera egiteko beharrezkoak ditugu ikastolak».

Atzokoa besta eguna zen, herritarrentzat zein kanpotik etorritakoentzat, baina hori baino gehiago ere bazela sumatzen zuela erran zuen Etxeberriak. «Hori garrantzitsua da, eta garrantzitsuagoa oraindik urtean azpeitiarrek auzolanean eta musu-truk egindako lana». Zorionak eman eta hizkuntzak bere alde egindako guztia biderkatuta itzuliko diela azaldu zuen.

Inoiz baino beharrezkoagoa

Aitor Uranga Ikasberriko lehendakariak ongietorria eman zien etorritako norbanako eta erakundeetako ordezkari guztiei, eta euren babesa inoiz baino beharrezkoagoa dutela azaldu zuen. Gogoan izan zituen urte osoan jaiaren inguruan lan egin duten lagun guztiak, baita atzo trafikoa zuzentzen, txosnetan, garbiketan edo bertze mila zereginetan jardun zutenak ere. «Zuen eskuzabaltasunak arnasa ematen digu».

Ikastolako gurasoa ere bada Unanue eta seme-alabek euskaraz ikas dezaten ogitartekoak saltzen aritu direla jakinarazi zuen. «Hala aritu ziren gure gurasoak ere. Gaur 26.000 ogitarteko ditugu prest; baina noiz arte jarraitu behar dugu horrela?», galdetu zuen. Berarentzat, Kilometroak jaiaren tamainak zor historiko bat ere islatzen du, hezkuntza eskubidearena. «Guk ikastola aukeratu dugu, baina eskubide hau ez dugu bermatuta».

Lohitzune Txarola, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Martin Garitano ahaldun nagusia; Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea; Isabel Celaa Lakuako Hezkuntza sailburua; Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria eta bertze kargu batzuk aitzinean eta haur, guraso, irakasle eta jendez inguratuta, neska-mutiko talde batek aurreskua dantzatu zuen. Ondotik, koreografia xume baina polit bat ere egin zuten Ze Esatek! taldeak, Olatz Pratek, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Mikel Labaka eta Mikel Aranburu Realeko jokalari azpeitiarrek eta ikastolako haurrek kantatzen duten Kilometroetako kantuarekin.

Formula berrien ordua da

Isabel Celaak formula berriak asmatu eta praktikan jartzeko ordua dela azaldu zuen bere hitzaldian, hautatzeko ordua. «Hala egin du Euskadik eta horrek lankidetza eskatzen du. Txikikeriak utzi eta funtsezkoenari eustea. Hezkuntza ezin da mantentze hutsa izan, etorkizuneko proiekzioa izan behar du, belaunaldi berrien formakuntzaz eta izateaz ari baikara», nabarmendu zuen. Ikastolei helarazi nahi zien mezua lau puntutan laburbildu zuen: «Erantzukidetasuna, lankidetza, akordioa eta baikortasuna».

Arantxa Manterola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere mintzatu zen eta erran zuen atzoko protagonista, Ikasberri ikastola, hemen badago, guraso, langile eta ikasleen ahaleginagatik izan dela, baita ingurukoek emandako laguntzarengatik ere. Ez dela erraza izan eta ez dutela mesederik eskatzen azpimarratu zuen, «Hezkuntza administrazioak jarritako baldintzen barruan kokatzen baita ikastola».

Gaineratu zuenez, Ikasberriren kasua ez da bakarra eta badira etorri nahi duten ikasle guztiak jaso ezin dituzten ikastola gehiago. «Ikasle kopuruak goia jo du, baina datozen guztiei baietz esan nahiko genieke», azaldu zuen.

Ikastolen Elkartea erronka handien garaian dago: «Curriculuma, garai eta behar berrietara egokitzea, inbertsioa, elkarbizitzarako eredu berri baten beharra...». Horri guztiari «modu integralean» erantzun behar zaio, Manterolaren iritziz, eta ez gaur adabaki bat han eta bihar bertze bat hemen jarriz. «Urrats partzialak eta akordio batzuk lortu ditugu; ez nahikoak, ordea. Hezkuntza aldaketek urte luzeak behar dituzte garatzeko; horregatik, ezin dugu denborarik galdu».

Martin Garitanorentzat ohorea izan zen bertan egotea. «Gipuzkoa lurralde euskalduna da eta horretan zeresan handia dute ikastolek -agertu zuen-. Eta are euskaldunagoa izateko hezkuntza sektorearen eta bereziki ikastolen ekarpena ezinbestekoa da. Aldundiak bat egiten du ahalegin horrekin eta euskaraz ikasteko nahiari erantzungo dio. Gure lehentasuna izango da traktore lana egitea».

Gipuzkoako ahaldun nagusia ez zen gehiegi luzatu adierazpenetan, entzuleak besta gogoz baitzeuden, eta «klik bat eta goazen festara» erran orduko moztu zuten zinta. Ibilbidea irekitzearekin batera, halako bestetan ohikoak izaten diren irudiak ikusi genituen: adin guztietako jendea oinez, edozein txokotan txaranga, pailazo edo musika ikuskizunez gozatzen, lagun zaharrak elkarrekin topatzen... Baina atzo bazen zerbait berezia, jende anitz eta anitz Realeko eta Athleticeko kamisetekin baitzebilen. Umeei aurpegiak margotzen ari ziren Irrien Lagunei gehien eskatzen zizkieten koloreak ere zuria, urdina eta gorria ziren.

Eguerdian hastekoa zen bi talde hauen arteko derbia Anoetan, eta Azpeitian zirenek ere hitzordura hutsik ez egiteko, pantailak jarri zituzten tabernetan eta kontzertuetarako prestatutako guneetan. Garmendipen, adibidez. Jendez leporaino beteta eta eguzki bete-betean, gune honetan sekulako giroa zegoen. «Libre naiz, ez dut zure beharrik. Libre naiz, hegan egin dezaket...», abesten zuen Betagarrik. Eta seguru lehenbiziko lerroetan zeudenek hala sentituko zutela, saltoka eta besoak zabalik. Irudi polita osatzen zuten esku guztiak batera altxatuta eta ikurrinekin, presoen aldeko banderekin eta globoekin. Gune osoa dantzan zebilela zirudien, dena altxatu zela eta lurra bera ere dardarka ari zela. Kontzertu beroa eta indartsua bukatu eta jokalari zuri-urdin eta zuri-gorriak azaldu ziren pantaila erraldoian, eta jendea oihu batean, txaloka eta kamisetak astintzen hasi zen. Arreta ematen zuen kuadrilla batek, denbora pila batean izan baitzituen eskuak goian, etengabe animatzen.

Klikmetroak.com

1977an Beasaingo Askatasuna Lizeoak Kilometroen lehen edizioa antolatu zuenean, hainbat babeslek 150.000 pezeta eman zituzten Aita Barandiaranek egindako kilometroen truke. Hori zen bestaren ideia, parte hartzen zuen bakoitzak ahalegina egiten zuen eta izerdi tanta batzuk ateratzen zituen ikastolaren alde, eta babesleek esfortzu hori «ordaintzen» zuten, nolabait errateagatik.

34 urte geroago, hasierako ideia hori garai berrietara egokituz, Klikmetroak.com ekimena sortu du Ikasberrik. «Oraingo erronka metro bana egingo duten pertsona asko batzea da; eta metro batzuk babestuko dituzten babesleak bilatzea. Eta, hori guztia, birtualki, Interneten. Izerdi tanten ordez, klikak batuz», azaldu zuten antolatzaileek. Ekainaren 17an hasi zuten ekimena sarean eta atzo arte izan zuen jendeak metro bat birtualki egiteko aukera, formulario bat bete eta mezu bat idatziz, edo, bizkorrago, Facebook edo Twitter kontuan klik eginez.

Bertze berezitasunetako bat sarreran dirua eman zuten euskaltzaleek trukean koloretako eskumuturreko bat jasotzea izan zen, laguntzaren seinale. Eskumuturreko hori erakutsita ikastolan beren testigantzak uzteko aukera izan zuten horman idatziz.

Eguraldi bikainarekin -aurreko edizioan, 2000n, ez bezala, orduan euri zaparrada handiak izan baitziren-, milaka eta milaka lagunek egin zituzten kilometroak Ikasberrin hasi, Garmendipe, Goena, Loiolatxo eta Loiola igaro, eta herriko plazaraino ailegatuz. Eta bultzada handi bat eman zioten Azpeitiko ikastolari bere helburuak betetzeko: alde batetik diru premiei erantzuteko eta bertzetik bere proiektu berritzailea zabaldu eta gurasoen arteko auzolana indartzeko.

 

ZENBAKITAN

1.300 boluntario, 6.000 metro, bost gune, sei txosna handi, 120.000 edalontzi, hiru jantoki, 2.000 bazkari, sei oholtza, 27 musika eta animazio talde, 500 ikasle... Hezkuntza proiektu bat: Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba Elkartea.

URRIAK 16, TAFALLA

Klikak eta keinu txikiak egunerokoak dira, baina jarrita dago hurrengo hitzordu handia: urriaren 16an Nafarroa Oinez ospatuko da Tafallan. Datorren urteko Kilometroak antolatzeko lekukoa, berriz, Andoaingo Aita Larramendik jaso du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo