Josebe EGIA
Ondorioaren atzeko ondorioa
Azterketa batek ezeztatu egin du koito osteko pilularen gehiegizko erabilera egiten dela». Alegia, apenas dagoela neurri antikontzeptibo gisa erabiltzen duen emakumerik, eta beraz, errezetarik gabe botikan atoan lortzeko aukera duela bi urte ezarri zenetik, berri pozgarria eta lasaigarria dela hori. Horiek titularrak. Inkesta batean oinarrituriko azterketaren emaitzek, ehuneko eta kopuruz beteak, garbi erakutsi dute pilula hori hartu duten emakume gehienek azken erremedio gisa egin dutela, hau da, bestelako neurri antikontzeptiboren batek huts egin eta haurdun ez geratzeko. Beste gutxi batzuek txortan inolako prebentzio neurririk gabe ibili zirelako, eta beroaldiaren osteko buru-hoztasuna itzulita, haurdun ez geratzeko. Eta bakarren batzuek, pilula bera baliatuta metodo bakar, hirutan edo gehiagotan urtebetean, haurdun ez geratzeko.
Izan ere, hori du funtzio bakar koito osteko pilulak, haurdun ez geratzea. Denok dugu argi eta, behar izanez gero, badakigu nora jo, lotsarik eta izurik barik. Antzina zailagoa izan ohi zen kontua, sendagilearengana jo behar izaten zen, azalpenak eman, bitarte horretan guztian denbora aurrera eta norbera espermatozoide bizkorrak barruan lasterka irudikatuz. Egun, ordea, agian ados ez dagoen botikari ozpindu baten begirada itsusia jaso daiteke, baina horretatik at, legezkoa denez gero, besterik gabe eros eta eraman daiteke. Norberaren esku egonda norberaren gorputzaren patua. Eskerrak.
Hain da gauza logikoa eta zentzuduna, non benetan harritzen nauten zenbait pertsonaia publikoren hitzek, ustez gure hobe beharrez dihardutenenak. Zer esanik ez, gainera, emakumea baldin bada. Soraya Saenz de Santamariaren atrebentzia, kasu. Emakume gazte honek botatzen dituenekin luze jo dezake. Baina, pilularen gaiari dagokionez, «hormona injekzio garrantzitsua dela eta kontuan hartu beharreko ondorio garrantzitsuez» aritu zen azterketaren emaitzen harira. Bere alderdiak errezetarik gabeko pilula banaketa bertan behera utziko duela erantsita. Halakoak nahi dituzte-eta emakumearen haurdun ez geratzeko erabaki irmoarekin arazoak dituzten gizarteko sektoreek. Alegia, abortuaren kontrakoek, homosexualen arteko harremanak maila berean jarri nahi ez dituztenek, familia tradizionalaren defendatzaileek... gehi emakumeok geure erabaki propioak hartzeko gaitasun edo adimen arazoak izango bagenitu bezala tratatzen gaituztenok. Sendagilea ez den Sorayaren txorakeriak alde batera utzita -frogatuta baitago ondorio larririk eza-, nahiz eta txorakeriak txorakeria, boterera iritsiz gero, orduan izango dugun atzerapauso larriak jasan beharra, atarian aipaturiko titularrak utzi nau kezkatuta. Izan ere, azken finean, emakumeok ez garela hain ergelak eta, areago, nahiko arduratsuak garela jakiteak poztu eta lasaitu egin behar gaituela ondorioztatu dute, 15 eta 50 urte bitartekoak, behintzat. Otu zait pentsatzea, iritsiko da benetan gizarte hain aurreratu honek emakumeok gaitasun osoko izaki gisa tratatuko gaituen eguna?