«Parte hartzeko espazio eraginkorrak jartzen badira, jendeak ilusioz erantzuten du»
Gizarte Laneko diplomaduna da eta haurren babeserako Argabe zerbitzuko langilea izan da. Gaur egun, ordea, Axier Jakak (Pasaia, 1984) Donostiako Udalean Informazio, Partaidetza eta Ingurumen Saileko ordezkaria da. Auzoen eta erakundeen arteko harremanak aldatu nahi ditu, orain artekoak «esklusibistak» izan direlako.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Donostiako Udal Gobernua lortu zuenean, Bilduk herritarren parte hartzea bultzatuko zuela esan zuen, martxan jarriko zuen politikaren zutoinetako bat izango zela. Bide horretatik, Informazio eta Partaidetza Saila osatu zen. Axier Jakak du horren ardura. Orain lanez lepo dabil, eguneroko lanaz gain, auzoz auzoko batzar irekiak artatu behar baititu.
Oraingoz, Antigua, Amara Berri, Martutene eta Alde Zaharra bisitatu dituzte, baina egitaraua azarora artekoa da; beraz, lana hasi besterik ez da egin.
Zein da bileren helburu zehatza?
Alde batetik, bertatik bertara ezagutzea zein den Donostia osatzen duten auzoen eta herrien errealitatea eta, bestetik, informazio trukaketa egitea. Hau da, Udalak bizilagunei informazioa eskaintzen die, baina aldi berean auzotarrek euren egoeraren berri ematen dute. Hirugarren helburua komunikazio kanal berri bat sortzea da, alegia, elkarlana sustatzea herri mugimenduen eta erakundearen artean. Horrek dauka balioa.
Horrelako ekimen bat abiarazi baldin baduzue, hutsune bat ikusten zenutelako izango da, ezta?
Noski. Udalaren ikuspegitik gabezia batzuk atzeman genituen parte hartzeari dagokionez. Irakurketa orokor bat egin genuen erakundeen inguruan eta ondorioztatu genuen partaidetza eredua esklusibista zela. Hau aldatu nahi dugu.
Lau batzar egin dituzue orain arte. Zer moduz atera dira?
Amara Berrin, Antiguan, Martutenen eta Alde Zaharrean izan gara; ikusten denez, oso izaera eta ezaugarri ezberdineko auzoak dira eta balorazioa oso positiboa da. Batetik, bertaratu den jende kopurua azpimarratzekoa da: lehenengo hiru bileretara 250 pertsona baino gehiago joan dira. Edukiei dagokienez, kalitatea nabarmenduko nuke: ekarpen garrantzitsuak egin dituzte bizilagunek, heldutasun handikoak. Argi dago parte hartzeko espazio eraginkorrak ahalbidetzen badira, jendeak erantzun egiten duela, eta ilusioz gainera.
Zeintzuk dira kezka nagusiak?
Mugikortasun eta hiri zerbitzuen ingurukoak izaten dira. Hala ere, auzo bakoitzak bere arazo zehatzak ditu.
Diseinatutako ekimen honetan, nolabait esku-hartzea errazteko, bost lan eremu bereizi ditugu: kultura, hirigintza, ongizatea, ekonomia eta partaidetza. Eremu batzuetan esku-hartze handiagoa egoten da, baina horrek ez du esan nahi lehentasuna dutenik.
Herritarrak kexatu egiten gara iritzia eskatzen ez zaigulako, baina aukera ematen zaigunean ez dugu aprobetxatzen.
Irakurketa pare bat egiten ditut hortik. Batetik, parte hartzea konpromisoa dela. Iritzia ematen den unetik konpromisoa hartzen da esaten denarekin; izan ere, eskatzen duenak eman egin behar du.
Bestetik, geure buruari galdetu egin beharko genioke zergatik ez ditugun aprobetxatzen sortzen ditugun parte hartze espazioak. Guk argi dugu: espazio bat sortzen bada, erabilgarria eta eraginkorra izan behar du.
Azaro arte izango dira bilerak eta auzo bakoitzean bina batzar izango dira.
Lehenengo txandan auzoaren argazki orokorra egiten da eta lehentasunak zehazten saiatzen gara. Bigarrena ez da proposamenak egiteko, baizik guk hausnartutakoaren inguruan ekarpen zehatzak egiteko, auzo horrek Udaletik zer jaso dezakeen galderari erantzun ostean. Gure gaitasun eta lehentasunen arabera erantzungo dugu. Hala ere, bizilagunek ere hausnarketa egitea garrantzitsua da, eurek euren auzoari eman diezaioketenaren inguruan.
Nola planteatzen duzue Zubieta, Igeldo eta Altzako egoera?
Zubietak eta Igeldok antolakuntza tresna indartsuak sortu dituzte: herri batzarra eta herri kontseilua. Asko baloratzen dugun lan handia egin dute, eta ekimen honen baloreetako bat hain zuzen hori da, herria bertatik kudeatzeko antolatzea.
Altzako herriak bere ezaugarri bereziak dituenez, batzar bakarra egingo dugu, baina iraupenez luzeagoa, hiru ordukoa.
Oraindik batzar asko dago aurretik. Zenbaterainoko lana eskatzen du honek guztiak?
Izugarrizkoa. Udal gobernu honek hau aurrera ateratzeko egin duen inbertsioa oso handia izan da denborari eta esfortzuari dagokionez. Eta orduan zergatik egiten dugu? Merezi duelako eta ezinbestekoa delako.
urriAk 3
BIDEBIETA19.00etan Kontadores zentroan.
urriAk 4
INTXAURRONDO19.00etan Intxaurrondo kultur etxean.
urriAk 5
ULIA19.00etan Okendo kultur etxean.
urriAk 6
LOIOLA-TXOMIN19.00etan Loiolako kultur etxean.
urriA 10
MARTUTENE19.00etan Etxarriene auzo etxean.
urriA 11
AMARA BERRI19.00etan Ernest Lluch kultur etxean.