GARA > Idatzia > Kirolak

BEREZKOAK

Ibarrola eta Kurutxari txapeldun Arrosan

Jon LEUNDA

Patrick Ibarrolaren ezkerrak eta Andde Kurutxariren segurtasunak erabaki zuten atzo goizean Arrosan jokatu zen Torneoko finala. Amaieran 50 eta 39 hartu zituzten mendean Lanbert eta Ezkurra II.a, 105 minutuan pilotan aritu ostean.

Lanbert eta Ezkurra bikain sartu ziren partidan, 0-7 eta 14-21 aurretik jarri ziren, baina hortxe hasi ziren gauzak aldatzen. Ibarrolak eta Kurutxarik beren lekua topatu zuten kantxan eta min egiten hasi ziren, 13-1eko partziala sartuaz, 27-22 aurreratzeko. Aurretik 22-22 berdinduta egon ziren.

Hortik aurrera, garaileek zuten aldeari eutsi egin zioten. Ibarrolak aurrean min handia egiten zuen; izan ere, Nafarroa Behereko aurrelaria ongi dagoenean, oso zaila izaten da bera geldiaraztea, eta une honetan, Waltarirekin batera, dagoen aurrelaririk onena da.

Horri atzean, Kurutxariren aurpegi onena gehituz gero, oso bikote arriskutsua eta ona egite dute, eta amaieran merezitako garaipena erdietsi ahal izan zuten.

Finala goizean, agian goiz samar, izan zen, baina jendeak oso erantzun ona eman zuen, trinketa bete egin baitzen. Partidari dagokionez, lehen zatian ona izan zen, ez hainbeste bigarrena, baina zaleak gustura atera ziren Arrosako trinketetik.

Jada gutxi dira 50 kintzera jokatzen diren torneoak; Arrosakoa horietako bat. Horrek, ordea, ez die pilotariei grazia handirik egiten: «Guretzat, eta uste dut zaleentzat ere, 40ra jokatuta ongi dagoela. 50era jokatzekotan pilota biziak behar dira, eta atzo ez zen hori gertatu. Denontzat luze samarra izan zen partida», esan zuen Paxkal Ezkurra atzelari urruñarrak.

Hala ere, pilotari lapurtarrak ez zuen inongo aitzakiarik jarri: «Hasi ongi egin gara, baina partida erditik aurrera beraiek gehiago izan dira. Ibarrolak aurrean min handia egin du, eta atzean, berriz, Kurutxari oso seguru ibili da; hobeak izan dira», onartu zuen Ezkurrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo