Aizkora | Nafarroako Lehen Maila
Faboritoen artean, Juanjo Lopez izan da azkarrena
Lezaungoarekin batera, Rekondo, Donato Larretxea, Senosiain I.a eta Erasun ere sailkatu ziren finalerako.
Jon LEUNDA
Lopezek, Rekondok, Donato Larretxeak, Antonio Senosiainek eta Erasunek lortu zuten atzo Etxarrin Nafarroako Lehen Mailako finala jokatzeko txartela. Saralegik eta Kañamares II.ak, berriz, maila galdu zuten.
Hala ere, Floren Nazabal izan zen saioko protagonista. Etxarrikoa bi makulu lagun zituela heldu baitzen saioa ikustera. Herenegun gauean etxean izandako istripu batean hankan min handia hartu zuen, eta orain denbora batean geldirik egon beharko du. Ikusi beharko da Euskal Herriko Txapelketako finalerako osatzen den eta aritzeko moduan izango den ala ez, hori irabazteko ere faborito nagusien zerrendan baita.
Atzokoan ezuste gutxi izan zen, txapeldunaren faltan, faborito ziren gehienek lortu baitzuten finalerako txartela. Ezusterik handiena Rekondok eman zuela esan liteke, ez finalera sailkatu zelako, baizik egin zuen lanagatik, eta hori poztekoa da. Azkenaldian, nerbioek ez zioten uzten bere lana egiten, baina atzo bikain aritu zen.
Emozioa
Kanporaketan emozioa izan zen nagusi. Lehen lau sailkatuak 45 segundoren barruan sailkatu ziren, eta zen lanerako tarte handia izan. Izan ere, bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu behar izan zituen. Gazteak eta beteranoak uztartuta aritu dira kanporaketa honetan; bi gazte sartu dira, Rekondo eta Erasun, eta hori etorkizunerako oso berri ona da, azken honek, gainera, 20 urte besterik ez ditu.
Bi ziren maila galduko zuten aizkolariak, eta horiek Saralegi eta Kañamares II.a izan ziren. Bata, oso gaztea oraindik; bestea, berriz, beteranoa. Heldu den urtean Bigarren Mailan aritu beharko dute biek. Kañamarestarren kasuan, gainera, gauza bitxia gertatu da, osabak maila galdu du eta datorren urtean ilobak hartuko baitu bere lekua.
Etxarriko aizkolariak etxean izandako istripu baten ondorioz, hankan min handia hartu du, eta ezin izan zuen atzo parte hartu. Ikusi beharko da Euskal Herriko finalerako prestatzen den ala ez.