HIRUGARREN MAILA Finala
Irazuk jantzi du txapela eta Larrañagak lagunduko dio Bigarren Mailarako bidean
J.L.
Irazu eta Larrañaga ziren atzo Aizarnazabalen jokatu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako finaleko faboritoak, eta biek lortu zuten Bigarren Mailan aritzeko txartela. Txapela, ordea, Irazuk bereganatu zuen.
Jendetza handia batu zen atzo Aizarnazabalen finala ikustera. Bertan aurrez jokatutako kanporaketetako sei onenak ziren, aldaketa batekin, Pellejerok ezin izan baitzuen aritu eta Beltzak ordezkatu baitzuen; honek azken amaitu zuen.
Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Enborrek ez zuten izan inongo aitzakiarik. Irazuk hasieratik hartu zuen aurre, eta hortxe mantendu zen saioan zehar. Kanporaketan Larrañaga izan zen lehenengo, eta zizurkildarra bigarren, eta finalean ere biak izan ziren lehen bi postuetan, baina aldatuta. Loiarte beteranoak ere lan ona egin zuen, podiumean sartu baitzen, baina ezin izan zuen lehen bi postu horiengatik borroka egin. Erdoziak, Jauregik eta Beltzak osatu zuten sailkapena.
Aizarnazabalen jokatu zen lokotx-biltzeko Euskal Herriko finala ere, eta Larrañagak irabazi zuen. Bigarren Etxegarai sailkatu zen, eta Garmendia, hirugarren; horiek osatu zuten podiuma. Alvarez, Lasaga, Ibañez eta Alegria sailkatu ziren ondorengo postuetan.