Francisco Ibañezek eta Jesus Lozanok eman zioten amaiera Bilboko Barrea umorezko asteari
Jesus Lozano bilbotarrak eskuratu zuen atzo Bilboko Barrea umorezko mikroipuinen saria, «La elección» lanarekin. Francisco Ibañez komikigileak ere omenaldia jaso zuen Areatzan.
GARA | BILBO
Gehienez ehun hitz erabili zitezkeen Bilboko Barreak antolatutako mikroipuinen lehiaketan eta Jesus Lozanok, Gordexolan bizi den 39 urteko bilbotarrak, eskuratu zuen atzo lan onenaren saria, umorez jositako asteari amaiera emateko Bilboko Areatzan ospatutako ekitaldian.
«La elección» (Aukera) zientzia-fikzioaren eta surrealismoaren arteko nahasketa bat da eta epaimahaiak aho batez izendatu du garaile aurkeztutako 250 lanen artean. «Originalena, harrigarriena, dibertigarriena eta surrealistena iruditu zaigu», azaldu zuten.
Lozanok zaletasuna du idaztea. «Bi ipuin ditut bukatuta, nobela bat ere bai, baina intimistegia da argitaratu ahal izateko, eta askotan idazten ditut poemak, baina egia da orain arte lortu ditudan sariak logotipoen diseinuagatik eskuratutakoak izan direla», aitortu zuen.
Ipuinean etorkizuneko bidai agentzia bateko eszena bat islatzen du. Bezeroak ez daki zer aukeratu, bere independentziaren egunean Marte bisitatu edo 1941eko Pearl Harbourrera joan.
Bestalde, aste osoan omendua izan den Francisco Ibañez komikigilea ere Areatzan izan zen atzo. Jarraitzaileentzat bi ordu eta erdiz bere lanak sinatzen aritu zen «Mortadelo eta Filemon»-en aita, eta gerturatutako guztiei marrazkitxo bana eskaini zien sinaduraz gain.