Harri-zulatzea
Lasok finalean ere ez dio inori aukerarik eman eta garaipena lortu du
Oskar Laso zen Bakarkako Txapelketa irabazteko faborito nagusia, eta atzo Ortuellan jokatutako finalean ez zion inori aukerarik eman. Kanporaketetan alde nabarmena kendu zien gainerakoei, eta Aldai Alde taldeko kirolariak atzo ere gauza bera egin zuen, bikain arituz.
Ez zen jende askorik batu finala ikustera. Beroa izan zen neurketako protagonista nagusia. Kirolari bakoitzak ordu erdia izan zuen harriaren gainean jarri eta ahalik eta zulorik gehien egiteko.
Lasok tarte horretan 11 zulo eta 82 zentimetro zulatu zituen; sekulako marka izan zen berea. Bigarren postuan, Hidalgo sailkatu zen 10 zulo egin eta 56 zentimetro zulatuta. Carok osatu zuen podiuma 8 zulo eta 25 zentimetro zulatuta. Hortik atzera lehia estua izan zen, zentimetro gutxiren barruan sailkatu baitziren gainerakoak. Gutierrezek 8 zulo eta 15 zentimetro egin zituen; Pandelok, 8 zulo eta 14 zentimetro; eta azkena Rufrancos geratu zen 6 zulo eta 73 zentimetrorekin.
Aurtengo denboraldia amaitzeko taldekako Euskadiko Txapelketa jokatzea bakarrik falta da. Hori urriaren 9an izango da, datorren igandean, beraz, Gallartan jokatuko da norgehiagoka.