GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Nojan konfiantza berreskuratu dut, bai eta futbolerako ilusioa eta gogoa ere»

p036_f01.jpg

Josu Esnaola

Futbolaria

Josu Esnaola oriotarra ilusioa eta futbolak ematen dion poza berreskuratzen ari da Nojan. Azken urte txarra pasa ostean, Kantabria aldean topatu du behar zuen oreka. Hamaikakoan ezinbestekoa da, golak sartzen ditu, estimatua da, eta gainera hilero dagokiona kobratzen du, eta gaur egun hori futbolean asko da. Hirugarren Mailan dago, baina helburua datorren urtean Bigarren B Mailan egotea izango da.

Jon LEUNDA

Esnaolak futboleko unerik gozoenak eta garratzenak bizi izan ditu, gaztea den arren. Realeko harrobian nabarmendu ostean, lehen taldera iritsi zen, baina ez zituen minutu asko izan jokatzeko. Hala ere, Lehen Mailara igo zen, baina iazko urtea txarra izan zuen; Real Unionen hasi, eta abenduan talderik gabe geratu baitzen. Maiatzean Lanzarotera joan zen. Orain, Nojan ari da, berriro ere bere maila eta ilusioa berreskuratzen.

Realarekin Lehen Mailara igotzea lortu ostean, orain Hirugarren Mailan jokatzea zer izan da, atzerapausoa, edo indarra hartu eta aurrera egin ahal izateko ezinbesteko pausoa?

Atzerapausoa iaz eman nuen, ez bainuen Real Unionekin nire aukera baliatu. Orain Nojara Hirugarren Mailara joatea askok atzerapausotzat joko dute, baina nik aurrera egin dudala uste dut. Bi urtetan ia jokatu gabe egon ostean, ezin nuen beste urte bat jokatu gabe pasa, hori amaiera izango litzatekeelako. Nik jokatu egin nahi nuen, eta hemen izan dut horretarako aukera, eta disfrutatzen ari naiz.

Dena dela, Nojan jokalari ezagun dezente zaudete, tartean Chupe. Real Madrilekin Champions jokatutakoa, Ekuatore Gineako selekzioan ari dena eta urtarrilean Afrika Kopa jokatzeko aukera asko dituena. Beraz, ez da edonolako taldea, ezta?

Horrela da. Ez Chupe bakarrik, orokorrean oso jende ona daukagu. Gaur egun Bigarren B Mailan diru arazo asko daude, eta horrek goragoko mailan egon beharko luketen jokalari ugari ekarri ditu Nojara. Oso maila oneko jendea daukagu. Hirugarren Mailan gaude, baina helburua igotzea izango da.

Hortaz, Nojarekin ez daukazue diru arazorik, ezta?

Ez, ez. Agian Nojak ez du eskaintzen Alacant aldean edo Andaluzia aldean eskaintzen dutena, baina agindutakoa egunean ordaintzen du. Nik hori ere garbi neukan, ez nuen nahi futboletik bizitzera joan eta etxekoei edo lagunei dirua eskatu behar izatea. Futbolean lagun asko dauzkat hilabeteak eta hilabeteak pasa eta kobratu ezinik dabiltzanak. Nik alde horretatik sekulako zortea izan dut Nojan. Jokatzen ari naiz, estimatua sentitzen naiz, eta kobratzeko ez daukagu inongo arazorik. Beraz, ez daukat kexatzerik, talde bikainean nago.

Nola iritsi zen Nojara joateko aukera?

Angel Viadero entrenatzaileak deitu zidan. Lehen Eibar entrenatzen aritu zen eta beti agertu zuen niganako interesa. Deitu zidanean esan zidan zer zegoen, eta niri oso interesgarria iruditu zitzaidan. Entrenatzailea bera interesatzea oso garrantzitsua da, eta ez naiz damutzen.

Zer gertatu zen iazko denboraldian?

Ez dakit. Real Unionen jokatzen hasi nintzen, baina azaroan deialdietatik kanpo geratzen hasi nintzen. Gero, Alvaro Cervera entrenatzailea kanporatu, eta Miguel Sola etorri zen. Lezaman 20 minutu jokatu nituen, eta hurrengo astelehenean ez nintzela bere gustukoa eta taldea bilatzeko esan zidan. Sekulako kolpea jaso nuen, oso gaizki pasatu nuen. Gero, maiatzean, Lanzarotera joan nintzen, eta han hasi nintzen ilusioa apur bat berreskuratzen.

Orain berriro ere Sansen ezagutu genuen Esnaola al zara?

Orain uste dut maila hori berreskuratu dudala, edo oso gertu nagoela. Oso gustura nago Nojan, konfiantza berreskuratu dut, baita futbolerako ilusioa eta gogoa ere.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo