Jaizkibelek «hamar urtetako lana» atzera bota izana leporatu dio Lakuari
Hondarribiko Jaizkibel konpainiak hartu zuen hitza atzo Legebiltzarreko Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordearen aurrean Lakuak Alardean ezarritako ibilbide eta ordutegi aldaketa baloratzeko. Argi eta garbi esan zuten ez dutela Herrizaingo Sailaren jarrera ulertzen.
Ana ABARIZKETA | DONOSTIA
Hondarribiko Jaizkibel konpainiak agerraldia egin zuen atzo Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordearen aurrean, Aralar taldeak eskatuta, Hondarribiko Alarde Mistoaren ibilbidea eta ordua aldatzeko neurria dela-eta euren kexua agertzeko. Rodolfo Ares buru duen Herrizaingo Sailak hartutako erabakia joan den irailaren 8an aplikatu zuen, eta Jaizkibel konpainiaren haserrea eragin zuen horrek.
Jaizkibeleko hiru ordezkari izan ziren agerraldian eta aldaketa horrek sortutako sumina plazaratu zuten; eurek azaldu zutenez, «azken sei zazpi urteetan inongo istilurik gabe» ospatu delako festa. Konpainiako kideek oroitarazi zutenez, 1996an Jaizkibel Alardean parte hartzen hasi zenean liskarrak «fisikoak» izatera ere heldu ziren; 2004tik aurrera, ordea, ibilbide osoa egiteaz gain, toki batean izan ezik, gainontzean, ibilbidean ez dute Ertzaintzaren beharrik izan. Puntu hori «kontramanifestazioa» egiten den gunea izaten dela azaldu zuten. Bertan alarde parekidearen kontrakoek «irainak» jaurtitzen dizkiete Jaizkibelekoei.
Aurretik Aintzane Ezenarro Aralarko kideak, pankarta beltzak erretiratzeko eskatu zion Herrizaingo Sailari, pankarten babesean «iraintzen» jarduten dutelako. Jaizkibeleko kideek Lakuak lagundu beharrean aurtengoan «gatazka» ekarri duela iritzi zuten, euren ustetan, «gure aurkako ahots erradikalei ahotsa eman dielako». Galdera bat ere plazaratu zuten aurten gauzatutako aldaketaren harira: «Nondik dator behar hori?». Jaizkibel konpainiak Miguel Buen Barne sailburuordea jo zuen arduradun nagusitzat, berak burutu baitzuen ebazpena.
Horretaz gain, Hondarribiko Udala, EAJ buru duena, ere izan zuten jopuntuan eta eurak «umezurtz» utzi izana leporatu zioten, baita «oztopo asko» jarri izana ere. Ez Irungo Udalak ez Hondarribikoak ez dituzte Alarde mistoko kideak agurtzen.
«Segurtasun arazo larriak»
Oso bestelako iritzia agertu zuen Ares sailburuak. Eguneko azken agerraldian, Hondarribian oraindik ere «arazo larriak» daudela iritzi zion; «normaltasunik ez dago, ez dezagun geure burua engainatu». Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde dagoela eta eskubideak urratu ez zitezen gutxieneko egokitzapen batzuk baino ez zituztela egin esan zuen.
Iñigo Lamarca arartekoak botere publikoei dei egin zien, bereziki Hondarribiko Udalari eta Lakuari, «modu proaktiboan» emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legea «osoki eta modu kontsekuentean» bete dezaten. Argi eta garbi utzi nahi izan zuen gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen duena Jaizkibel konpainia mistoa bera dela, hain zuzen. Horretaz gain, segurtasuna oinarritzat hartuta Lakuak hartutako erabakia ere irmoki kritikatu zuen, bere ustetan, Jaizkibeli «lehentasuna» eman behar zitzaiolako. Bestalde, administrazio publikoek Jaizkibeli «babes osoa» eman behar diotela berretsi zuen.
Bestalde, Maria Silveste Emakundeko zuzendariak ere Jaizkibel konpainiari beti emango diola babesa esan eta Lakuak aurten hartutako jarrera gaitzetsi zuen; «Jaizkibelen protagonismoari eta haren aldarrikapenari eragin diolako». Horretaz gain, Irun eta Hondarribiko udalen jarrera salatu zuen Silvestrek, «Hondarribian nahiz Irunen alderantzizkoa egin da, normala ez dena normaltzat emanez»; izan ere, festaren helburu nagusienetako bat «hiritarren arteko kohesioa» lortzea dela azaldu zuen. A.A.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak «arbuiagarritzat» jo zuen alarde mistoaren ordutegi eta ibilbide aldaketaren atzean «ezkutuko arrazoiak» daudela leporatzea.