Mikel Laboa, Beñat Achiary, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorikaren haritik tiraka
Apenas dago euskal kantagintzaren inguruko saiakerarik. Juan Gorostidiren «Lau kantari» (Pamiela), hots, «gogoeta kritiko baterako apunte gisa» har litekeen lana, hutsune hori betetzera dator.
Amaia EREÑAGA | DONOSTIA
Durangoko Liburu eta Disko Azokaren gertutasunarekin, argitaletxeen aurtengo «uzta» batzeko unea iritsi zaigu. Pamielak Juan Gorostidi pasaitarraren ezohiko saiakera aurkeztu zuen atzo Donostian; ezohikoa, berak zuzenean ezagutzen ez zituen lau kantari zehatzen ibilbidea eta lana -liburua idatzi arte protagonistak edo haien senideak ezagutzeko aukerarik ez zuen izan- sakonki eta era kritiko batean aztertzera ausartu baita. Horretara ausartu, eta «esan gabeko gauzak esateko» ausardia izan omen du.
Musika eta Psikologia ikasketak ditu Juan Gorostidik, baina, lanbide desberdinetan aritu ostean, Ekialde Urruneko sistemak irakasten ditu azken urteotan, Donostiako Tai Chi Chua eskolan. Lau kantarion inguruko gogoeta honen abiapuntua dolua du, bere hitzetan. «Imanolekin lehenbizi eta Laboarekin gero, beraiekin tratu pertsonalik izan gabe ere, dolu kolektibo baten beharra ikusi nuen». Imanolen kasuan, zera dio: «Badirudi amildegira eraman zuen patuaren indarrak indarrean jarraitzen duela, eta harrapakin sektarioa izaten jarraitzeko baino ez dela haren izena gogoratzen, haren gizatasuna eta ekarpen artistikoa baztertuta utzirik».
Saiakeran, egileak aipatzen duenez, euskal herri-musikaren «urrezko aroan» leku seinalatu bat izango duten lau egileon lanak eta ibilbidea aztertzen da -«ikusgarria da zein neurrian biluzten den kanta batekin kantari bat», zioen-. Imanolengan hiru aro antzeman omen litezke: hasiera militantea (1980. urte artekoa), aro liriko-klasikoa eta, azkena, «non gainbehera pertsonal bat gertatzen den, baita nora ez estetikoa ere».
Mikel Laboari buruz «mitifikazio errazak» sor daitezkeen arren, artista moduan ezezaguna izaten jarraitzen duela dio Gorostidik. Achiary txanpon bereko aurkia dela dio, «munduan zehar euskaldunok dugun enbaxadore artistiko behinena» izanik. Eta, azkenik, Ruper Ordorika rockaren itzaletik haratago joan den musikaria delako aukeratu du Juan Gorostidik.