«Ez dugu nahi», gaurko gazteriak jakin dezan soldaduskari intsumisoa izateak zer zekarren
A.E. | DONOSTIA
Gaurko gazte bati, 16 urtetik 20rako tarte horretan dagoenari, adibidez, azterketa batean soldadutzaren aurkako intsumisio mugimendua zer izan zen galdetuko bagenio, seguruenik zur eta lur geratuko ginateke. Agian 36ko Gudaren garaian edo batek daki non eta noiz kokatuko luke. Eta harritzekoa bada ere, hamar urte besterik ez dira pasa derrigorreko soldadutzara deitutako azkenak kuarteletik atera zirenetik. Urteurrenaren harira, intsumisio mugimenduan parte hartu zuten kide batzuei elkarrizketak eginez Edurne Elizondo kazetari nafarrak puzzle modura osatu duen «Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian» (Txalaparta-Gatuzain) liburua osatzea otu zitzaien. Helburua: batetik, belaunaldi gazteei ezagutaraztea mugimendu hura zer izan zen eta borroka hura irabaztea zeinen garrantzitsua izan zen; eta, bestea, antimilitarismoak zer-nolako gaurkotasuna duen plazaratzea.
Gotzon Iparragirre liburua bultzatu duen taldeko partaidea da, eta intsumiso haien baitan dagoen susmoa hitzez adierazi zuen atzo Donostian egin zuten aurkezpenean: «Sentsazioa dugu ez genuela jakin lekukoa pasatzen belaunaldi berriei». Mota guztietako eta koloreetako taldeek osatzen zuten mugimendu haren argi eta itzalak -«oso irudi idilikoa genuen, baina hori ere bere lekuan jarri behar genuen, eztabaidak ere izan zirelako; eta ez goxoak, gainera»- Edurne Elizondok lekukoei egindako 40tik gora elkarrizketetan islatzen dira. Intsumiso, epaile, senide... guztiek antimilitarismoaren erretratua osatzen dute. «Intsumisioak eduki zuen koherentzia» deigarria egin zitzaion.