BIHARAMUNA
Politika literarioa
Hamaika baino gehiago izan dira Joseba Sarrionandiaren sariketak piztutako erreakzioak, bai komunikabideetan, bai politikarien ahotan. Iritzien janzkera bi kolorez soilik tindatu da, ordea. Batzuentzat kasik mito izan daitekeen sortzailea, besteentzat, «gaizkile» soila da.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Joseba Sarrionandiari emandako Euskadi sariak Euskal Herriko kioskoetara heltzen diren komunikabide askotako lehen orrialdeak hartu ditu, eta iritzi artikuluetako jomuga izan da kasu gehienetan. Irratietako uhinetan ere bolo-bolo zabaldu da askorentzat euskal literaturak izan duen emaririk sakonenetakoaren izena. Eztabaida, ordea, Lakuaren erabakiak harrotutako hautsak are gehiago astintzera mugatu da, eta Joxemari Iturraldek «euskaldunon vademecum» gisa kalifikatu duen lanaren balio literarioa bigarren mailan geratu.
Hain da nabaria balio horren jaitsiera, epaimahaiaren erabakiarekin ere deserosotasunak agerian geratu direla. Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak argi dauka zer egingo zukeen erabakia bere esku egongo balitz: «Epaimahaiko kide izango banintz, ez nuke erabaki berbera hartuko».
Izan ere, atzo bildutako iritziek argi utzi zuten sektore batentzat Joseba Sarrionandiak balio gehiago duela «ihes egindako ETAko kide» den heinean, eta ez euskal literaturarekiko duen berebiziko harremanagatik. «El Pais»-ek hala bildu zuen edizio digitalean: «Polémico Premio Euskadi a un etarra fugado desde 1985»: eta «Publico»k, paperezkoan: «Un etarra huido gana el Euskadi de Ensayo y el Gobierno vasco le retiene el premio».
Gehiago. «El Mundo»: «El Gobierno premia la última obra de un `héroe' de ETA huido desde 1985». Heroi izan daiteke batzuentzat, baita akaso bizirik dagoen euskal mito bakanetakoa ere, baina erbestean egindako ekarpen literarioak eman dion estatusa da.
Inork gutxik ezagutzen zituen atzora arte Euskadi literatura sarietako oinarriak. Nerea Azurmendik «El Diario Vasco»n bildu zituen bakan batzuk: «Autor quien, por otra parte, en las bases sólo se le pide estar vivo en el momento de la publicación de la obra candidata, sin hacer ninguna mención a otro tipo de circunstancias». Ainhoa Larrañaga epaimahaiburuak egindako adierazpenekin bat etor liteke orduan. «Bahituta dagoen pertsona bati sarietara aurkezteko aukera ematen baldin bazaio, baldintzak betetzen baldin baditu, badirudi joko arauak betetzen dituela eta, orduan, zergatik dirurik eman ez?».
Egunkariak irakurri eta goizean goizeko kafearen ondoren, politikarien erreakzio sokarekin jarraitu zuen «Sarriren biharamunak». Ezker abertzalearen ustez, Joseba Sarrionandiaren sariketak sortutako gatazkak «ez dio erantzuten Sarrionandiaren balio literarioari, baizik eta PSE, PP eta UPyD alderdien intransigentziari»; are gehiago, «hainbeste urtez `politika eta kultura ez dira nahastu behar' esan duten berberek saria eman edo ez euren iritzi politikoen arabera proposatzen dute». Arrain handiak txikia jan duela esan daiteke, politikaren olatu azpian geratu baita Sarrionandiak eraikitako irla txikia. Politika literarioa akaso? Izan liteke.
Aburu berekoa da Juanjo Agirrezabala EAko parlamentaria. «Politika eta literatura zergatik nahasten dituen» argitzeko galdegin zion Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuari. «Euskadi sariek literatura lanak saritzea dute helburu, eta ez sortzaileen ibilbide pertsonal edo politikoa», gaineratu zuen eta bi elementuak bereizten ez badira, etorkizunean idazle gehiagorengan eragin berbera izan dezakeela iradoki zuen.
GARA saiatu zen atzo Blanca Urgellen adierazpenak lortzen Hendaian, Agosti Xahoren biografiaren aurkezpenean, baina sailburuak uko egin zion hitz bakarra esateari. «Ez dugu adierazpen gehiago egingo, esan dugu esan beharrekoa. Dena argi geratu dela uste dut».
Sailburuak eta bere taldeak hartutako erabakiak bi aldeetatik jaso zituen kritikak; PPk eta UPyDk ere argi gorria piztu zuten. Carlos Urquijo PPko parlamentariak kontuak eskatu zizkion Patxi Lopez lehendakariari. Azalpenak nahi ditu «justiziatik ihesean dabilen ETA talde terroristako kide bat» saritzearen harira. «Tamalgarria da ezaugarri horiek dituen pertsona bat legea betetzeko eta terrorismoaren biktimen memoria errespetatzeko konpromisoa hartu duen gobernu batek saritzea». UPyDk, Gorka Maneiroren bitartez, saria baliogabetzeko galdegin zuen.
Politikaren literaturatasunari zor zaizkio gehienak, baina ezin denek esan Sarriren obra eta, beraz, izaera ezagutzen dutenik.