GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lan istripuan hildako berrogeita seigarren langilea ere, azpikontratatutako enpresa batekoa

Atzo Abadiñon hil zen langilea aurten lan istripuen ondorioz hil den berrogeita seigarrena da. Istripu berean, beste bat larri zauritu zen, eta oso zaila da aurtengo zenbatgarren zauritua den jakitea. Gehienetan bezala, lan baldintza eskasak daude atzoko istripuaren atzean. Izan ere, Juan Manuel Garcia azpikontratatutako enpresa bateko langilea zen. Sindikatuek salatu dutenez, azpikontratazioa da lan istripu askoren kausa. Hori erakusten du estatistikak, eta bestela ere, asmatzen erraza da, azpikontratazioen helburua zein den jakinda. Etekinak emendatzeko prozedura denez, alde batek irabazten duena beste aldeak galtzen du. Soldatan ez ezik, gainerako lan baldintzetan ere galtzen baitute langileek, azpikontratazioen «hobarien» ondorioz. Lan baldintza horietako bat segurtasun neurrien kontrol eskasagoa da, azpikontratatzen duen enpresak ez baitu azpikontratatuaren gaineko kontrola neurri horiei dagokienez; gainerako lan baldintzei dagokienez ez duen bezala, jakina.

Aurten 46 langile hil dira lan istripuan. Bihar, 46. aldiz, heriotza horien salaketa egingo dute hainbat langilek, eta agian enpresaburuek eta administrazioek eurekin zerikusirik ez duen zeremonia gisa ikusiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo