Mikel Aramendi Kazetaria
Zakurrak eta jabeak Joko Handian
Ia derrepentean, azken erasoen harian, ospetsu egin den «Haqqani Sare» horren adibidea baino hoberik ba ote da zakur eta jabeen istorio deabrutu honen katramila antzemateko?Zakurrak ausiki egiten dizunean, alferrik da harekin mintzatzen saiatzea; jabearekin hitz egin beharko duzu», dio herrialde arabiarretan oso ezaguna den esaerak. Eta horrelako zerbait bururatu zaio Hamid Karzairi talibanekin bakebideak eraikitzeko izendatua zuen ordezkaria, B. Rabbani lehendakari ohia, duela hamabost egun ekintza suizida batean hil ondoren: «Bakebidea orain herrialdeen artean garatu behar da. Talibanekiko elkarrizketak amaitu dira; aginpidea dutenekin hitz egin behar dugu». Pakistanekin, alegia.
Arazoa, bere gaiztoan, lau samarra litzateke... Afganistango gatazkan «jabeak» eta «zakurrak» bereiztea esapide metaforikoan bezain erraza balitz (badakizu, zangoak kontatuz, besterik ez bada). Baina, zoritxarrez, badirudi gauzak ez direla horren errazak Joko Handiaren betiko eszenatoki bihurrian. Adibidez, eta Karzairen beraren hitzak abiapuntutzat hartuta: Norekin hitz egin behar du hark Pakistanen? Islamabadeko Gobernuarekin? A. P. Kayani jeneralarekin, Armadaren burua eta Pakistango gizonik ahaltsuena bera denez? A. Shuja Pasha jeneralarekin, ISIren burua eta, bide batez, «zakur talibanen» jaberik zuzenena ziur asko huraxe denez? Eta apustu egingo nuke horietako bakoitzarekin egin ditzakeen tratuak aski ezberdinak izanen liratekeela...
Korapiloa, haatik, gaiztoa ez ezik, askagaitza da. Afganistango hamaikagarren gerraren hamargarren urtea betetzear denean, argi dago gatazka horretan parte hartzen duten protagonistetako bakoitza dela, hein batean, jabe, eta beste alde batetik, zakur. Eta, gainera, beren jabeekiko fideltasun mudakorra duten zakurrak direla edota beren zakurrenganako oso begirune motza duten jabeak. Har dezagun, berriro, Karzairen beraren kasua: duela hamar urte, okupazio indarren ttotto bezala iritsi zen Kabulgo agintera -egun okupatzaileen gehiegikerien salatzaile suharrena bada ere- eta, okupatzaileak desagertzen direnean edukiko duen etorkizun iluna bermatzearren, Indiaren magalera jauzi egin du -isilka, lehen; orain, argiro- ingurune hartako oreka estrategikoen hondarrak kolokan ipiniz; aldiz, garai bateko etsaia eta egungo oposizioaren buru politikoa zuena, Rabbani, egungo etsai talibanekin bakeak egiteko erabili nahi izan du, baina hauek akabatu egin diote bitartekari/aurkaria...
Alabaina, ia derrepentean, azken erasoen harian, ospetsu egin den «Haqqani Sare» horren adibidea baino hoberik ba ote da zakur eta jabeen istorio deabrutu honen katramila antzemateko? Hauek behintzat zakurrak direla pentsa dezake «NYT»-en irakurleak, ia orrialde osoko izenburuarekin topo egiten duenean: «Afganiar klan basati batek erasaten die AEBei». Haqqanitarrei leporatzen zaizkien basakerien kontakizuna irakurri ondoren, gogotik egiten dutela kosk sinetsi beharko du gainera, nahiz eta ez zaion oso garbi geratuko Pakistango zerbitzu sekretuen kate-zakurrak diren ala ez. Eta artikulu luzearen amaieraraino iristen ez bada, ez da enteratuko Charlie Wilson gogoangarriak «zintzotasuna gizon egina» deitu zituen haiexek direla zakur hauek.