GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri elkargoen erreformak, Ipar Euskal Herria desitxuratzeko arriskua dakar

Hiru hilabete iraun duen eztabaidan, herri elkargoen antolaketa berriaren gaineko adostasunik ez dute erdietsi Ipar Euskal Herrian. Horren inguruko eskema zehatza datorren abenduan plazaratzekotan da prefeta. Izan diren eztabaiden atzean, Ipar Euskal Herriko lurraldea desitxuratzeko nahikeria sumatzen da.

p014_f01.jpg

Ainize BUTRON

Herri elkargoen berrantolaketa prozesua abiatua da Ipar Euskal Herrian. Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak, joan den apirilean elkargo kopurua txikitzeko eginiko proposamen zehatzaren ondotik, hiru hilabeteko epea eman zien herri elkargo eta herriei gaia eztabaidatzeko, berrantolaketa zehazteko eta norekin elkartu nahi duten erabakitzeko.

Estatu frantsesak 2010ean indarrean jarri zuen lurralde kolektibitateen erreforma orokorrean jasota dago herri elkargoen berrantolatze prozesu hori. Administrazio ugaritasunak funtzionamendu arazoak areagotzen dituen aitzakiapean, erreforma horretan, besteak beste, Estatu frantsesean dauden 36.600 herrien indarra txikitu behar dela eta herri elkargoak indartu behar direla aipatzen da. Hala, abuztura arteko epea izan zuten herriek eta herri elkargoek zein eremurekin bildu nahi zuten erabakitzeko.

Lurralde kohesioaren mapa deiturikoa berrantolatzen laguntzeko, prefetak antolaketa berriaren behin-behineko proposamena egin zuen, egun dauden hamar elkargoak sei elkargotan bilduz. Horretarako, egungo antolaketan hainbat aldaketa egin zituen. Aldaketa nagusia, Lapurdiri dagokionez, Euskal Kosta-Aturri, Errobi-Aturri eta Errobi herri elkargoekin eta Arbona herriarekin egitura bakarra osatzea litzateke (ikus mapa).

Nafarroa Behereari dagokionez, berriz, Bidaxuneko herri elkargoan eta Hazparneko lurraldekoan sartutako herri nafar batzuk kenduta, gainerakoekin Baxe Nafarroa izeneko bilgune bakarra sortzea proposatu zuen. Eta, azkenik, Zuberoak, gaur egungo egituraketa mantenduko luke, hau da, lurralde osoak -Lixoze Bearnoko herria gehituta- elkargo bakarra osatuko luke.

Baiona Landekin lotua

Alta, hiru hilabeteko eztabaidaren ondotik, herriek ez dute prefetaren proposamenarekin bat egin. Hasteko, erreforma hori osatzeko izandako demokrazia eza salatu dute hainbat hautetsik, tartean, Martine Bisauta Baionako zinegotzi eta Batera plataformako kideak: «Erreforma hausnarketa zilegi batetik abiatu da. Estatu frantsesean sobera egitura txiki dagoenez, Gobernuak mapa administratiboa sinplifikatu nahi izan du. Berez, gauza ona da hori, baina gero, Estatu frantsesean gertatzen ohi den bezala, finkatzeko orduan dena hankaz gora jartzen da».

Bisauta, izan ere, Euskal Kosta-Aturri elkargoan, abuztuaren 28an, onartu den egituratze berriaren aurka altxatu den hautetsi bakarrenetarikoa da. Hain zuzen, bertan finkatutako egituraketa berrian, Euskal Kosta-Aturri elkargoak, Errobi-Aturrikoaren herri guztiak bereganatzeaz gain, Errobi elkargoko beste zazpi herri ere -Arrangoitze, Uztaritze, Jatsu, Basusarri, Arbona, Ahetze eta Beskoitze- eta Landetako Seignautze [Seignanx] eskualdea ere hartzen ditu.

Euskal Kosta-Aturri egitura bost herrik osatzen dute egun. Elkargoak proposatu berrantolaketarekin beste hogei bat sartuko lirateke. «Departamenduek zer bilakaera izanen duten etorkizunak erranen du; bitartean, Ipar Euskal Herriaren lurraldearen etorkizunaren eramaile izanen den herri elkargoa eraikitzen hasi behar dugu», nabarmendu du Jean Grenet Baionako auzapez eta proposamenaren sustatzaileak.

Euskal Kosta-Aturri elkargoa Ipar Euskal Herriko indartsuena da, eta, Baionako auzapezak gehiago indartu nahi du berrantolaketaren bidez. «Elkartze horiek ezinbestekoak dira etorkizunerako. Baliabide tekniko, material eta humanoak batzea guztiontzako onuragarria izango da», gehitu du Grenetek.

Berregituratze prozesu horretan Landetako herriak Lapurdirekin batzeak polemika sortu du. Bisautak «surrealistatzat» jo du: «Elkartze hori egiteko eman den argudio bakarra mugikortasuna da, baina hori ez da irizpide egokia. Administrazio-egituratze orok lurralde bati zaion atxikimendua kontuan hartu behar du. Lurralde batek sortzen du berezko nortasuna. Bere historia, kultura eta izaera dinamikoak dira. Hori kontuan hartzen ez bada, jokoz kanpo ari gara», adierazi du Baionako hautetsiak.

Egitura batekin harreman bereziak izatea eta lurralde baten parte izatea oso gauza ezberdinak direla gaineratu du Bisautak. «Landekin, esate baterako, harreman bereziak ukan ditzakegu garraio edo mugikortasunari dagozkion gaietan, baina horrek ez du erran nahi egitura berekoak izan behar dugunik», azpimarratu du.

«Pays» egituren desagerpena

Baionako hautetsiaren iritziz, Euskal Kosta-Aturri herri elkargoan izan den eztabaidaren gibelean beste helburu bat dago: Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen duten lurralde historikoa desegitea. «Azpiko helburu politiko bat dago. Eztabaida hau heldu da, 2013an Ipar Euskal Herria biltzen duen `Pays' deitu egitura bakarra desagertuko delako. Indar gutxikoa eta sinbolikoa bada ere, Ipar Euskal Herriko lurraldea aintzat hartzen du. Euskaldunen aurkako sentimendu primarioak berpiztu dira herri elkargoen berrantolatze horrekin», argitu du.

Alain Iriart Hiriburuko auzapezak ere «Pays» egituren desagerpenagatik kezka agertu du: «Legean ez da deus argirik. Sortuko dugun egitura berriari buruzko eztabaida sakona izateko ordua da. Hogei urtez egin den lana kontuan hartu behar da».

Herri guztiak aurka

Seignautze Landetako eskualdeko herri guztiek uko egin diote Euskal Kosta-Aturri herri elkargoan sartzeko gomitari. Nafarroa Beherean, berriz, herri askok ez dute egitura bakarra sortzearen inguruko eztabaidan parte hartu nahi izan, eta erabakia hartzeko orduan ordezkari gutxi zenez, bertan behera geratu da bozketa.

Alain Iriarten aburuz, herri elkargoen berrantolaketa ez da eginen. Bearnoko, Ipar Euskal Herriko eta Landetako 47 hautetsiz osaturiko departamendu-kooperaziorako batzordean aztertuko dira herri elkargoen iritziak, eta abenduaren 31 aitzin lurralde kohesioaren mapa zehatza aurkeztu beharko da, baina, herrietan adostasunik lortu ez denez, bertan behera uztera behartuak izanen direla uste du.

«Prefetak ezin du gure erabakien aurka jo. Guk sartzeari uko egin diogu, gure herrien eta Euskal Kosta-Aturri elkargoan dauden beste herrien artean ezberdintasun asko dagoelako. Gure berezitasuna atxiki nahi dugu. Horrek ez du erran nahi 50 urte barru ez dugunik gure ikuspuntua aldatuko. Gaur egun, ostera, Errobi-Aturrin egitasmo asko lantzekoak ditugu», gehitu du Iriartek.

Horrenbestez, prefetak apirilean plazaraturiko proposamena berriz ere mahai gainean jarriko balu, eta bereziki, herrietan hartutako erabakiak kontuan hartuko ez balitu, «huts handia» izanen litzatekeela nabarmendu du Iriartek: «Prefetak beste aukerak baditu, departamenduan dauden sindikatuak (mankomunitateak) biltzea, esaterako. Halere, kontuan hartuz 2012an Presidentetzarako hauteskundeak izango direla Frantzian, nire irudiko ez da oso urrun joanen hauteskundeak pasatu arte», esanez bukatu du Hiriburuko auzapezak.

 

Ipar Euskal Herriaren lurraldea aintzat hartzeko eskatu du Garapen Kontseiluak

Herri elkargoen antolaketa berriari buruzko eztabaidan Garapen Kontseiluko zuzendaritza batzordeak bere iritzia plazaratu berri du ohar baten bidez.

Oro har, prefetak apirilean zabaldutako maparen proposamenarekin ados azaldu da elkarteko zuzendaritza batzordea, eta, biharko herri elkargoen eskema finkatzeko orduan, Ipar Euskal Herria «lurraldea eta identitatea» aintzat hartzeko beharra goraipatu du.

«Gaur egun hamar herri elkargoen etorkizuna eraikitzeko Euskal Herriaren lurraldea indartzea ezinbestekoa da. Lurralde hori garapen eramaile da, eta herri elkargoen arteko kohesioa mantentzen du», nabarmendu du Garapen Kontseiluak.

Azkenik, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak herriarteko harremanen egituratze berrian hartu behar duten indarra aldarrikatu du. Beraz, urritik eta 2012ko otsaila bitartean lurralde antolaketari buruzko eztabaida aitzina eramatea erabaki dute.

Hiru aukera aztergai dira bi kontseiluetan: egungo egitura mantendu eta sakondu; ahalmen batzuk bereganatuko lituzkeen eredu berri bat proposatzea, edo berezko ahalmenak lituzkeen eredua sustatzea. Hirugarren aukera horrek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarako lurralde elkargo berezitu baten sorrera bultzatuko luke. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo