GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Kantauri Liga Euskal Herriko lehen surf liga

Udazken honetan egingo da lehenengoz euskal kostalde osoko surflariak bilduko dituen surf liga. Taldeen arteko lehiaketa izango da.

p048_f01_199x136.jpg

p048_f02_250x140.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Aurten lehenengo aldiz Euskal Herri osoko surflariak bilduko dituen surf txapelketak egingo dira. Txapelketa formatua berritzailea da, txapelketa soil bat egin beharrean, Liga eredua izango baita. Euskal kostalde osoko surflariz osatutako taldeak lehiatuko dira elkarren artean.

Surf liga honen antolatzailea ere ezohikoa da; izan ere, normalean surfeko marka izenak, alkohol markak, surf elkarteak edo surf federazioak izaten dira txapelketen antolatzaileak, baina oraingo honetan kirol eta kirolari anitz biltzen dituen antolakunde bat izan da ardura nagusia bere gain hartu duena, Euskal Herria Kirola erakundea, hain zuzen ere.

EH Kirola

Euskal Herrian kirolariak federazio, txapelketa eta selekzio desberdinetan banatuta daudela ikusita, zazpi lurraldeetako kirolariak batzeko egitura bat sortzeko helburuarekin sortu zen Euskal Herria Kirola erakundea.

Honela diote beren web orrian (ehkirola.org): «Federazio, txapelketa eta selekzio ezberdinetan banatuta dihardugulako gaur egun. Ez genuen zazpi lurraldeetako kirolariok batzen gintuen egiturarik, orain arte.... Bide berri bat hasi dugu. Kirola egiteaz gain, Euskal Herriarekiko sentimenduak batzen gaitu. Indarrak metatu eta geure muga eta geure baliabideekin, Euskal Herriko kirolariok barne-bilduko gaituen etxea eraiki dugu».

Lehen urratsa futbolariek eman zuten, egoera puntual baten aurrean (gizonezkoen futbol selekzioaren inguruan), baina pixkanaka gero eta kirolari gehiago batzen ari dira, eta ekimenak ugarituz doaz. Euskal Herriko Surf Liga, norabide horretan antolatutako ekimen bat gehiago baino ez da.

Surf txapelketak gehienetan banakako eredua jarraitzen dute; alegia, surflari bakoitzak banaka parte hartzen du lehian eta amaieran irabazle bat izaten da, pertsona bakar bat, izen bakar bat alegia.

Ohiko eredu horri jarraituz Euskal Herri osoko surflariak bildu izan dituen txapelketarik egin izan da, baina inoiz ez du arrakastarik izan eta ez da lortu Euskal Herriko txapelketa bat behar bezala irudikatzea.

Ohiko ereduaren ardatza norbanakoa izanda, irudikatu nahi den ideia orokorra, batasun irudia, bigarren maila batean geratzen da. Gainera, txapelketa batean parte hartzeko deia zabala izan ohi denez, atzerritarrek ere parte hartzen dute, helburua «Euskal Herriko txapela» irabaztea baita eta ez du axola irabazlea nor den edo nongotarra den. Taldekako lehian ordea, norbanakoa edonor eta edonongoa izan daiteke, protagonista taldea izango da bere osotasunean eta talde horrek bere partaideek nahi dutena islatuko du.

Kantauri Liga sei taldek osatzen dute, Sopela (Peña Txuri), Bakio, Getaria (Lonjan), Zarautz (Baga), Donibane Lohizune eta Angelu. Hegoaldeko lau talde eta Iparraldeko bi talde, beraz.

Ligak talde irabazle bakarra izango du, baina aurrez Ipar Euskal Herriko zein Hego Euskal Herriko irabazleak zeintzuk diren ikusi beharko da. Hegoaldeko taldeek beren artean lehiatu behar dute, eta horrela erabakiko da Hegoaldeko irabazlea nor den. Bestalde, Iparraldeko bi taldeek ere elkarren artean lehiatu behar dute irabazlea nor den erabakitzeko, eta azkenik final handia egingo da Hegoaldeko zein Iparraldeko irabazleen artean. Beraz finalean, zein taldek irabaziko duen bakarrik ez, aurtengo irabazlea «Iparralde» ala «Hegoalde» den ere erabakiko da.

Liga urriaren 16an hasiko da. Ligako txapelketak beti igandeetan izango dira, goizeko hamarretan, eta talde bakoitzak «etxean» naiz aurkariarenean lehiatu beharko du. Horrela, urriaren 16an hiru lekutan izango dira lehen txapelketak. Getarian -Peña Txuri (Sopela) vs Lonjan (Getaria)-, Zarautzen -Bakio vs Baga (Zarautz)- eta Lafitenian (Donibane Lohizune vs Angelu). Final handia berriz, azaroaren 20an izango da Zarautzen eta amaiera ekitaldi baten ostean surflari guztiak batuko dituen afari eder bat egingo dute.

Taldeak

Talde bakoitzak hamabi partaide ditu, sei lehiakide, hiru epaile eta hiru ordezko. Batzuek taldeari goitizena ere jarri diote, hori norberaren nahien araberako hautua da; finean, talde bakoitzak leku bat ordezkatzen du, nongotarrak diren da garrantzitsua, eta "etxean" egin beharreko txapelketak egiteko lekua bigarren mailako afera bilakatzen da. Beraz, taldea osatu eta txapelketa bat egiteko baimena lortzen duen edonork har dezake parte.

Aurtengoan ez da horrela gertatu, baina esaterako, Nafarroako herri batean talde bat osatzen bada eta kostako herriren bateko hondartzan txapelketak egiteko baimena lortzen badu, talde horrek bere herria ordezkatuko du eta arazorik gabe parte hartu ahal izango du.

Arauak

Txanda epaileen ondoan hasi eta epaileen ondoan amaitzen da. Txapelketak irauten dituen 90 minutuetan lehiakide guztiak uretan dira, denek egin dezakete surf, baina epaileek soilik likra daraman surflariaren olatuak hartuko dituzte kontuan.

Talde bakoitzak likra bat du (gorria edo zuria), eta taldekide bakoitzak, gehienez, hiru olatu hartu ahal izango ditu likrarekin. Hiru olatu horietatik puntuazio altuena jaso duten bi olatuak zenbatuko dira. Hiru olatuak hartu ostean, parte hartzaileek taldekideekin aldatuko dute likra, uretan bertan.

Taldeko, sei lehiakide izango dira uretan, eta hiru kategoria bereiz daitezke talde bakoitzean: neskak, 16 urte azpikoak eta gainerakoak. Kategoria bakoitzeko bi ordezkari izango dira. Horrela, kategoria bakoitzean olatu bikoitza egiteko aukera dago, horretarako lehiakideak olatu on bat egin ostean eta erori baino lehen, besoak jaso beharko ditu, epaileek puntuazioa bikoiztu behar dutela jakin dezaten.

Talderen batek hiru kategorietako ordezkariak ez baditu, berdin-berdin parte har dezake, baina soilik dituen kategorien araberako puntuazio bikoitza jaso ahal izango du. Alegia, kategoriak ordezkaezinak dira.

Epaileen puntuazio irizpideak berriz, ohikoak dira, ASPk ezartzen dituen epai irizpideak alegia, baina zenbaketa sinpleagoa da, batetik bosterako eskalan. Puntu 1 txarra, 2 puntu nahikoa, 3 puntu ona, 4 puntu oso ona eta 5 puntu bikaina.

Lehiakide guztiak uretan izateak ikuskizuna dinamikoa bilakatzen du, uneoro baitago norbait olatuan, ikuskizun polita da.

ANTOLATZAILEA

Surf liga honen antolatzailea ezohikoa da, normalean surfeko marka izenak, alkohol markak, surf elkarteak edo surf federazioak izaten baitira antolatzaileak. Honako txapelketan, ordea, Euskal Herria Kirola erakundeak hartu du ardura nagusia.

taldeka

Ohiko ereduaren ardatza norbanakoa izanda, irudikatu nahi den ideia orokorra, batasun irudia alegia, bigarren maila batean geratzen da. Taldekako lehiaketan hori ekidin daiteke, ez du axola partaideak nortzuk eta nongoak diren, taldeak zer irudikatzen duen baizik.

egutegia

Talde bakoitzak «etxean» nahiz aurkariarenean lehiatu beharko du. Urriaren 16an hasiko da liga, egun horretan hiru lekutan izango dira txapelketak, Getarian, Zarautzen eta Lafitenian. Txapelduna izendatzeko final handia, berriz, azaroaren 20an izango da Zarautzen.

BARNEALDEKOAK

Aurtengoan ez da honelakorik gertatu, baina esaterako, Nafarroako herri batean talde bat osatzen bada eta kostako herriren bateko hondartzan txapelketak egiteko baimena lortzen badu, talde horrek bere herriaren izenean lehiatu ahal izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo