Surflari ernegatua
Lehiaketa ereduen inguruko zenbait galdera
Txapelketa ereduen inguruko eztabaida ez da gaur goizekoa, askotan hitz egiten da gai honen inguruan. Zein da eredu onena? Zein irizpideren arabera zenbatu behar dira puntuak? Zein helburu izan behar du txapelketa batek? Iritziak, antzerako gai guztiekin bezala, askotarikoak dira, baina ereduez haratago, oso gutxitan jartzen da auzitan txapelketa edo lehiaketa bera.
Zertarako lehiatu? Lehiaketa oro eredu gisa, eredu zuzena da? Lehiaketak zer-nolako baloreak sustatzen ditu? Eztabaida zinez interesgarria da, dudarik gabe, ontzat ematen ditugun zenbait kontu auzitan jartzen baititu. Eztabaida honek balio praktikoetan eragin dezake. Lehia ulertzeko modua bera ere alda dezake, esate baterako.
Lehiaketak, bere izatean, aurkaria birrintzea du helburu. Norbaitek bestearen gainetik dagoela frogatu behar du, eta behin frogatu ostean, garaitua, menderatua, irabazlearen azpian geratzen da, gutxiago da. Lehiatzeko edo lehiaketa ulertzeko modu hau aldatu al daiteke lehiatzeari uko egin gabe? Horra beste galdera interesgarri bat. Zeren, lehiakortasuna izakia gizaki denetik izan da, beraz, berezko dugun beharretako bat da agian.
Baina, zein da berez dugun beharra, aurkaria lurperatzea ala geure mugak gainditzea? Zentzu honetan bada, pixkanaka gero eta gehiago entzuten den eta indar hartzen ari den kontzeptu bat. Lehiaketa ulertu eta bideratzeko ikusmolde bat. Emulazioa.
Kontzeptu honek Sobietar Batasunean egin zen lehiaketa eredu batean ditu bere sustraiak. Emulazio sozialista. Berdintasuna helburu izanda, egiten den handigura edo esfortzua du oinarri. Azken batean, hobea izatea eta norberak bere mugak gainditzea du helburu. «Aurkaria» adibide gisa hartu eta imitazio bidez hura bezalakoa izateko norberak bere ahalmena gainditu eta handitu nahi du, hura menderatu gabe.
Txapelketa bitarteko bat da, ez da helburu bat bere horretan. Beraz, txapelketa bat antolatzen denean, helburu desberdinekin antolatzen da. Kausa desberdinak defenda daitezke edo ondo pasatzeko helburu xumea ere izan dezake.
Ereduak eredu, txapelketak jendea biltzeko bitarteko egokia dira. Zentzu horretan, ekarpen interesgarriak gauza daitezke, baina ereduen inguruko hausnarketa bat egitea ere ez legoke batere gaizki.