Hamar urte diseinatzaile grafiko gisa jardun ostean, orain bi urte ilustrazioaren mundura jauzi egin, eta berak «proiektu pertsonal» gisara deskribatzen duen «Bombastica Naturalis» obrarekin arrakasta itzela izaten ari da Barrenetxea. Hunkituta eta umiltasun miragarriz mintzatu da bere lanaz.
Ez da marka makala «Bombastica Naturalis» eskuratzen ari dena, ezta?
Bai, kritika onak izan ditu, sariak ere eskuratu ditu eta publikoari ere gustatu zaiola ematen du. Guzti hau beste norbaiti gertatzen ari balitzaio bezala bizitzen ari naiz, agian ilustratzaileak, gure lanagatik, bakardade zaleak garelako eta jendearen harreraren aurrean... zenbaitetan zer esan ez dakidala geratzen naiz, oso hunkitua nago.
Azalari erreparatu orduko antzematen da lan fina eta gustuz egindakoa dela. Argi zenuen zer nahi zenuen?
Argi nuen, baina normalean badut guztia zailtzeko halako joera bitxi bat. Hasierako ideia XVII. eta XVIII. mendeen arteko zientzialariaren pertsonaia sortu eta bere asmakizunen katalogoa egitea zen; asmakuntza hauek hibridoak dira, loreen eta objektuen artean sortutako fantasiazko asmakizunak dira. Apurka, ideia honetan sakontzen joan nintzen eta, azkenean, landareen latinezko izenak jarri nituen eta, alfabetikoki ordenatu nituenez, hizki zehatz batekin hasten ziren landareak aurkitu eta kontatzen nuenarekin harremanen bat aurkitu behar nien... Esaterako, «W» hizkiarekin hasten diren lau landare soilik daude eta... nola lotu hori historiarekin zerikusia duen zerbaitekin?!
Zortzi hilabetetan une oso txarrak eta oso onak igaro ditut, zalantzaz zein ziurtasunez josiak, baina orokorrean gustura aritu naiz eta ikaragarri pozik nago emaitzarekin.
Zergatik botanika?
Nire emazteari asko gustatzen zaizkio landareak eta tximeletak, eta maiz joaten gara lorategi botanikoetara. Azkenean, nik ere lorategiekiko zaletasuna garatu nuen, baina beste ikuspuntu batetik: landareak gustuko ditut, baina baita historia eta literatura ere. Nolabait, nire emazteari gustatzen zaion mundu horrekiko paraleloa den bat sortu nuen; adibidez, Chelseako Physic Garden XVIII. mendeko lorategia da eta historian zehar sekulako garrantzia izan du zientzialarientzat; edo Londresetik gertu dagoen Kew Garden Virginia Wolffen liburu batean azaltzen da. Nik alde horretatik hartzen ditut lorategi botanikoak eta liburu bat ateratzeko aukera sortu zenean, gai hau hautatu nuen.
Testuak ere idatzi dituzu.
Marraztea zein idaztea, biak dira betidanik izan ditudan zaletasunak. Nire ustez, marrazketa beti egon da lotua istorioak kontatzearekin; haur nintzela egiten nituen marrazkiak ere ia komikiak ziren. Mundu bisualean gehiago ibili naiz, baina asko gustatzen zait idaztea.
Normalean testuek izaten dute pisua liburuetan.
Bilduma ilustratuetan bi atalen interakzioa bilatzen da; ez da testua ilustrazioekin edo ilustrazioak testuarekin, biek batera osatzen dute liburua. Askotan esaten da egilea eta ilustratzailea daudela, eta guk maiz esaten dugu liburuek bi egile dituztela: testuen egilea eta irudien egilea, biak dira liburuen egileak, liburuari osotasuna ematen diona bien arteko interakzioa delako.
Zure irudietan, argiztapenak, kolore itzaliek eta dinamismoak erakartzen dute arreta.
Bai, mugimendu asko dauka eta okreak, sepiak, grisak... paleta mugatu batekin lan egitea gustatzen zait. Nik uste liburuari zahar ukitu bat ematen diola. Nire asmoa ilusio moduko bat sortzea zen; mendeetan zehar galduta egon den liburuaren itxura izatea nahi nuen. Ez izatea nire liburua, baizik eta Bombastusena, protagonistarena. Metaliteratura, azkenean.
Eta orain, zer duzu esku artean?
Urtean zehar nire beste lan batzuk ere agertuko dira, eta berriki amaitu dut nire zazpigarren lana izango dena. Honetan ere idazle eta ilustratzaile naiz, liburu ilustratuen bideak ematen dizulako irudien eta testuen arteko interakzioarekin jolasteko.